Mohamed-Lamine: "Esku hartzen ez badute, armak hartuko ditugu"

Mirian Biteri 2010ko aza. 23a, 11:22

Mendebaleko Saharatik datozen albisteek kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Azaroaren 8a ezkero Marokok Agdaim Izik kanpalekua indarrez hutsarazi zuenetik, eta sahararrak Aaiunen kalera irten zirenetik, asko dira bizia galdu dutenak, zaurituta daudenak, atxilotuak izan direnak, zuten apurra galdu dutenak.

Horren gaineko kopuru zehatza jakitea ezinezkoa bada ere, Aretxabaletan bizi den Senia Mohamed-Lamine sahararrak azaldu digu Aaiunen bizi den egoera "kaotikoa" dela eta "oso arduratuta" daudela. Haren esanetan: "Oso txarto gaude, egun guztia telebistari eta egunkariei begira ematen dugu, ahalik eta informazio gehien jasotzeko. Baina ezinezkoa da benetan zer gertatzen ari den jakitea, Marokok ez duelako uzten kazetaririk izatea Aaiunen".

Kazetaririk ez, baina telefono bidez han bizi direnekin berba egiteko aukera duela jakinarazi digu: "Horien bidez jakiten ari gara zer ari den gertatzen. Jende askok bizia galdu du; guraso barik geratu dira ume txiki asko, eta beste ume asko galdu egin dira eta ez dituzte topatzen".

Senitartekoak Aaiunen
Sahararrak osaba-izebak ditu Aaiunen. Ez da bakarra. Bar Boutalhak ama du han eta Hamudi Jahadih Jalilek, seme-alaba nagusienak. Azken horrek dituen datuen arabera, joan den eguaztenera arte 65 lagun ziren bizia galdu zutenak eta 4.500 desagertuta zaudenak; zaurituak, ostera, 170 inguru ziren.
Senitartekoez gain, Mohamed-Laminek argi utzi gura izan du gatazka eremuan dauden saharar guztiak "gure familia" direla: "Oso batuta gaude eta han gertatzen ari den guztiak min egiten digu. Guztiak dira nire gurasoak eta anai-arrebak".

"Ezin dute gehiago"
Gatazkaren jatorriaz ere jardun du. Azaldu du sahararrek ezin dutela egoera jasan eta urriaren 10ean zabaldu zituztela lehen haimak Aaiungo kanpoaldean, Marokoko Gobernuak euren eskubide sozial eta ekonomikoak errespetatzen ez dituela salatzeko. Mohamed-Lamineren esanetan: "35 urte daramatzagu zapalduta eta jendea oso txarto bizi da; ez du lanik, ezta etxerik. Hori dela-eta, presio egitea erabaki zuten eta horregatik muntatu zuten Agdaim Izig kanpamentua".

Ordutik ehunka mila saharar batu dira kanpalekuan; Espainiaren erretiratzetik sahararrek egin duten protesta handiena da. Azken asteetan 20.000 lagun bizi ziren Agdaim Iziken.

Hirurek gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuaren jarrera. Jahadih Jalilen esanetan, "pertsonen gainetik jartzen ditu Marokorekin dituen interesak. Espainiak zor historikoa du Saharako herriarekin. Erru guztia berarena da, saldu egin gintuelako. 1958an gure herrialdeko zati bat oparitu zion Marokori, eta 1975ean, gainerakoa. Hortaz, Saharako herriarekiko duen zorra ordaindu behar du". Horren harira, gaineratu du Espainiako Gobernuak Saharekiko duen jarrera aldatu behar duela. Bestalde, Sahara eta Espainiako herrien arteko erlazio ona nabarmendu eta gobernuz kanpoko erakundeak egiten ari diren lana eskertu nahi izan du.

Esku-hartzea
Fronte Polisarioak egin duen moduan, Mohamed-Laminek Nazio Batuen Erakundearen (NBE) esku-hartzea eta gertatutakoa azter dezala eskatu du. Sahararrak dio gatazka amaitu beharra dagoela: "NBEk ez badu eskurik hartzen, guk bilatuko dugu irtenbidea; lehengora itzuliko gara, armak kalera aterata. Ez dugu horretara iritsi nahi, baina besterik egon ezean, armak hartuko ditugu".

Azkenik, sahararren ametsaz egin digu berba Mohamed-Laminek: "Saharak aske izan behar du. Gure herrialdera itzuli ahal izatea eta inoren menpe ez egotearekin egiten dugu amets. Borroka egingo dugu hori errealitate bihur dadin".

Gatazkaren harira, marokoarrek duten iritzia jasotzen saiatu gara, baina ez dugu lortu.

Elkarretaratzea dago Aretxabaletan
Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Debagoienean ere hasi dira sahararren aldeko hainbat mobilizazio egiten. Joan den eguen iluntzean, Arrasateko Herriko Plazan elkartu ziren, bi pankarta atzean zituztela: Maroko errudun, Espainia arduradun eta Maroko mendebaldeko Saharatik at, autodeterminazioa eta independentzia zioten horiek. Sahararrak ez ziren bakarrik egon elkarretaratzean; herritarren eta hainbat udal ordezkariren elkartasuna izan zuten; azken horien artean, besteak beste, ezker abertzaleko eta EB-Berdeak taldekoak ikusi genituen.
Arrasatekoaren ondotik, dagoeneko beste hitzordu bat dago jarrita: eguenean, azaroak 25, egingo dute elkarretaratzea, Aretxabaletako Herriko Plazan. 20:00etan hasiko da.

Bestetik, Arrasateko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak adierazpen instituzionala kaleratu du asteon Saharako herriari eta Fronte Polisarioari elkartasuna eta dolurik "sentikorrena" helarazteko. Aho batez onartu zuten adierazpena. Horretan, Marokoko gobernuaren ekinbidearen aurrean bere "haserrea eta mespretxua" adierazi nahi izan dio. Haren esanetan, "sahararren eskubideen aldarrikapen baketsuaren aurrean gerra etniko eta zapalkuntzaz erantzun du Marokoko Gobernuak, hainbat hildako eta zauritu eraginez". Azkenik, adierazpen instituzionalaren bidez, Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak herritarrei gonbita egin die "basakeria" horri erantzuteko eta Saharar herriaren eskubide demokratikoak eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, datozen egunotan egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten.

-------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Olaia Sagredo (Iesbaa elkarteko kidea): "Inpotentzia itzela sentitzen dut, eta baita beldurra ere, sahararrengatik"

Saharar herriaren aldeko Iesbaa elkarteko kide Olaia Sagredo Goiena Telebistan egon zen eguenean; gatazka sortu zenean, Marokoko Casablanca hirian egun bat erretenituta eman zuen aretxabaletarrak. Egun hartan bizitakoaz eta gatazkaz egin zuen berba.
Orain dela 15 egun Casablancan zinen, sahararren kanpalekuetarako bidean. Ezinezkoa izan zen bidaia harekin aurrera egitea; inongo azalpenik gabe Madrilera bidali zintuzteten. Espero zenuten?
Batetik, bai; baina ez horren zorrotzak izango zirenik. Azaroaren 4an Casablancara heldu nintzen bi asmorekin: 5ean, Casablancako epaitegira joatea, zazpi sahararren epaiketara; eta, bestetik, kanpamentuetara joatea.
Epaiketa hartan izan ginen, ikuskari moduan. TVEko Antonio Parreño eta SER irratiko Antonio Garcia kazetariak jipoitu zituzten han; guk dena ikusi genuen. Hurrengo egunean Aaiunerako bidean jarri behar genuen; baina ez genuen lortu. 
 

Gertatzen ari denaren aurrean, zer sentitzen duzu?
Inpotentzia itzela, eta baita beldurra ere, sahararrengatik.
 

Sahararekin harreman zuzena duzu. Nola ikusten dituzu sahararrak?
Nekatuta. Egoera jasanezina da, agerikoa da Tindoufeko kanpamentuetan bizi diren sahararrengan eta baita lurralde okupatuetan bizi direnengan. Etxe eta lan barik egoteaz gain, kalean ezin dute hainbat gairi buruz hitz egin: erlijioaz, erregeaz eta lurralde-osotasunaz. Oso zorrotzak dira.
 

Gauzak aldatzen ez badira, armak hartzeko gertu daude. Inork Maroko geldiarazten ez badu, gerra egongo dela uste duzu?
Bai. Gerrak ez ditugu nahi, baina egoera jasanezina da. Ez diogu beste irtenbiderik ikusten. Sahararrek denbora luzez gerra ezin izango dutela jasan pentsatzen dugu, baina zeinek daki... Lehen ere 14 urtez egon ziren gerran, eta jasan zuten; orain, agian, berdina egingo dute.  
 

Gerrarik izan ez dadin, nortzuek hartu beharko lituzkete neurriak eta zer-nolako neurriak?
Lehenik eta behin, Espainiako Gobernuak. Hark dauka erru handien, eta gatazka konpontzeko prozesuaren lidergoa hartu beharko luke. Horrez gain, Nazio Batuen Erakundeak ere parte hartu beharko luke, eta baita Europako Parlamentuak ere. Hau da, erakunde guztiek parte hartu behar dute, betiere Espainiako Gobernua liderra izanda.
 

Zer lortu du Marokok honekin?
Bi gauza lortu dituzte: batetik, Marokok bere indarkeria erakutsi du; bestetik, Europako gobernuek eta Nazio Batuen Erakundeak ez dute ezer egin, eta argi geratu da Marokok askatasuna duela nahi duena egiteko.
 

Horren harira, zer igarri duzu faltan?
Lehen aipatu ditudan erakundeen gaitzespena. Deitoratu dute, baina ez dute gaitzetsi. Horretaz aparte, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua martitzenean bildu zen urgentziaz, Mendebaleko Saharan gertatutakoa ikertzeko. Frantziako betoa topatu du, eta horrek esan nahi du ez dela aztertuko han gertatutakoa. Horrekin dena esanda dago.
 

Amaitu aurretik, zerk lotu zituen herri horrekin?
Aspaldiko kontua da. 1998an hasi nintzen ezagutzen. Ume bat ekarri genuen etxera, eta aitak gatazka azaldu zidan. Uda hartan hasi nintzen, eta gaur arte. Orain, han gertatzen ari denak asko hunkitzen nau.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak