Basotxoko bazkideekin elkartuko da alkatea eztabaida mahaiekin jarraitzeko

Mirari Altube Arrese 2010eko azaroaren 19a

Orain hilabete batzuk Udala eta nagusien arteko elkarrizketa mahaiak jarri zituen abian Basotxo erretiratuen elkarteak. Datorren eguenean, hilak 25, berriro dute hitzordua alkatearekin elkarrekin hasitakoari jarraipena emateko (17:30, Basotxo).

Ekainean hain zuzen elkartu ziren lehenengoz Basotxoko bazkideak Inaxio Garro alkatearekin, eta kezkak, iritziak eta iradokizunak helarazi zizkioten. Horiei erantzutera dator orain.

Nagusien kolaborazioa

Eztabaida mahaiak abian jartzearen helburua argi daukate Basotxon: kideen arteko elkarrizketa lantzea;Udalak nagusien gainean duen iritzia jakitea; Udalak egin duenaren eta aurrera begira dituen proiektuen berri izatea; proiektu horien gaineko nagusien iritziak jasotzea…

Ekaineko batzarrean jasotako iritzi eta kontuak erantzungo ditu oraingoan alkateak, eta hausnarketarako bide berriak zabalduko ditu. Gero, eztabaida mahaietan jardungo dute esandako guztiaren gainean, eta iradokizunak egingo dizkiote. "Nagusion laguntza, nagusion kolaborazioa garrantzitsua izan behar da Udalarendako, hori erakustea da gure helburua", argitu dute Basotxo elkarteko zuzendaritzako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak