Jasangarritasunaren Eskola Agiria jasoko dute Kurtzebarri BHI-ko kideek

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 19a, 14:49

Azken bost urteotan lan handia egin dute Kurtzebarri institutuan jasangarritasunaren eta ingurumenaren errespetuaren alde. Eskola Agenda 21 egitasmo barruan hainbat gai landu dituzte eta horiei jarraipena egin gero. Horregatik Jasangarritasunaren Eskola Agiria emango diote Kurtzebarri BHI-ri datorren abenduaren 13an Lakuan egingo duten ekitaldian.

Gaiak landu ahala –ikasturtean bat– hainbat konpromiso hartzen dituzte ikasleek eta horiek betearazten laguntzeko han eta hemen oharrak dituzte jarrita Herriko Plazako eraikinean: birziklapena bultzatzeko, ura behar beste bakarrik erabiltzeko, argia itzaltzeko… Gela guztietan eta komunetan daude oharrok. Gainera, hiru zakarrontzi dauzkate geletan: paperarendako, mukizapiendako eta gainerako hondakinendako. Pasilloetan, ostera, plastiko eta ontziendakoa, eta pilak ere jasotzen dituzte. Horrek guztiak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko eta jarraipena egiteko boluntario taldetxoa dago: DBHko hainbat ikasle. Gainera, jasangarritasunaren gaineko kontuak zabaldu eta ikasleak sentsibilizatzeko Txoko Berdea daukate: Eskola Agenda 21eko logo lehiaketako proposamenak; ekitatearen gaineko inkestaren emaitzak; aztarna ekologikoaren gaineko hausnarketa… daude bertan.

Boluntario horiek Ingurumen Batzordean elkartzen dira gero, gela bakoitzeko ikasleen eta irakasleen ordezkariekin batera, eta jasotako iradokizun eta kexak aurkezten dituzte eta eman beharreko pausoak aztertu. Hala, gai berriak landu bakarrik ez, ordura artekoak ez ahazteko jarraipena egiten dute. Landutako azken gaia ekitatea izan da eta laster hasiko dira berriarekin: zarata eta uhin elektromagnetikoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak