Abian dira ekimen berriendako eta langileak kontratatzeko diru-laguntzak

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 19a, 10:52

Aretxabaletako Udalak orain aste batzuk iragarri zuen herrian sortutako ekimen berriak eta egindako kontratazioak diruz lagunduko zituela. Laguntza horiek dagoeneko abian dira, eta eskaerak udaletxean dagoen Enplegu Sailera bideratu behar dituzte interesatuek.

Diru-laguntza horiek eskatzeko honako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek: herrian egoitza duten enpresa ekimen berriak izatea –berdin da ekintzailea Aretxabaletan erroldatuta dagoen edo ez–, eta eskaera egiten den unean urte beteko jarduna izatea gehienez; pertsona konkretuen gizarteratze eta laneratze enpresa ekimenak izatea; edozein forma juridikotako ekimenak –autonomoak ere bai– 15 langile baino gutxiagokoak; Bideragarritasun Plana eginda dutenak; eta Debagoieneko Mankomunitateak, Udaleko Enplegu Zerbitzuak edo enpresa sorrera bideratzen duen beste edozein erakundek lagundutako ekimenak izatea.

Laguntza jasoko duten enpresa berri horien sustatzaileek gainera, honako konpromisoa hartu beharko dute: gutxienez hiru urtean egoitza Aretxabaletan izatea. Oraindik ez dute jaso eskaerarik Enplegu Sailean baina interesa agertu duten deiak jaso dituzte.

Langileak kontratatzeko laguntzak

Bestalde, Aretxabaletan jarduera duten enpresei, kontratazio berriengatik diru-laguntzak bideratuko dizkie Udalak. Hala, herrian lanpostu berriak sortu eta daudenak mantentzea gura dute. Eta bide batez zailtasun handiak dituzten herritarrei laneratze prozesuan lagundu, horretarako laguntzak eskainita bertako enpresei: "Ea langabeziaren erruz egoera larrian dauden herriko familiei laguntzea lortzen dugun", dio Argiñe Larrea Enplegu teknikariak.

Diru-laguntza hauetara ondorengo baldintzak betetzen dituzten enpresak aurkeztu ahal izango dira: lantokia Aretxabaletan duten enpresa txiki eta ertainak; komertzio eta merkataritza negozioak; eta autonomo aretxabaletarrak. Horiek kontratatutako dituzten lagunek, ostera, Aretxabaletan erroldatuta egon beharko dute, eta egingo dieten kontratua gutxienez urtebetekoa izango da –jardun osokoa edo partziala–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak