Argazki emanaldiak eta irteera daude Mendi Astean

Mendi Astea egiten dabil Murrukixo Mendizale Elkartea eta gaur bigarren argazki emanaldia dago. Uxoa Etxebarriaren eskutik Indonesiako argazkiak eta kontuak izango dituzte aretxabaletarrek. Arkupeko Zaraia aretoan da ekitaldia (19:00).

Urtero antolatzen du mendi astea Murrukixok eta mendiarekin batera aretxabaletarrak izango dira protagonista oraingoan ere: "Konturatu gara interes handiagoa sortzen dutela herritarrek eskainitako ikus-entzunezkoek, kanpotik ekarritako adituenek baino; horregatik, azken urteotan aretxabaletarrengana jotzen dugu", dio Iñaki San Migel mendizale elkarteko presidenteak. Hala bada, azken bi urteotan hainbat herritarrek egindako bidaietako argazkiak izango dira ikusgai.

Gaur, hilak 16, Uxoa Etxebarriak Indonesiaren gaineko berriak ekarriko ditu. Indonesia inguruan eskalatzen jardundako lagunen argazkiak erakutsi eta kontu-kontari jardungo du.


Eta egubakoitzean, hilak 19, iaz Nepalen trekkingean egindako ibilaldien argazki eta kontuak eskainiko ditu Luis Mari Urkiak: "Ohiko ibilbideetan ibili beharrean beste bi ezezagunagoetan egindako irteeretako argazkiak eskainiko dizkigu", dio San Migelek.

Hilaren 21ean mendi irteera

Azaroaren 21ean, domeka, emango diote bukaera Mendi Asteari, irteera eginda. Herri inguruko ibilaldia hautatu dute eta Kurtzebarritik Atxorrotzera bidean 11 postontzi topatzeko asmoa daukate: "Postontziok non ote dauden zalantzak izango dituzte batzuek, hara edo hona ote goazen, baina ez goaz argibide gehiago ematera; egunean bertan topatuko ditugu", diote Murrukixoko kideek jakin-mina sortu guran. Lau ordu eta erdi inguruko irteera izango da (09:00etan, Murrukixoko egoitzatik irtenda) eta bueltan babarrun-jana izango dute gertu ibilaldia egindakoek gastronomi elkarte batean. Bazkaltzera geratu gura dutenek aurrez eman behar dute izena eta 15 euro ordaindu –azken eguna: martitzena, hilak 16–.

Eguraldi txarra eginez gero aldaketak egingo dituztela irteerako ibilbidean iragarri dute Murrukixoko kideek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.