Saharako egoera salatzeko adierazpen instituzionala egin du Udalak

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 15a, 15:37

Saharan bizi duten egoera salatu eta bertan hildako eta zaurituei elkartasuna agertzeko adierazpen instituzionala egin du Udalak alderdi guztien babesarekin. Era berean, Saharako bandera dago udaletxeko balkoian xingola beltzarekin.

Adierazpena Aralarrek, EAk, EAJk, Alderdi Sozialistak eta Ezker Batua-Berdeakek babestu du. Hona bertan jaso dutena.

- Aretxabaletako Udalak kondenatu egiten ditu Marokoko Gobernuak saharar populazioaren kontra egindako indarkeria-ekintzak, eta elkartasuna eta babesa adierazten die sahararrei. Marokoko Armadak Aaiuneneko zibilen kanpalekuen kontrako eraso militar bortitzak eragindako saharar zibilen hilketa gaitzetsi egiten du eta elkartasuna adierazten die eraso horren biktimei eta beren senideei.

 

- Saharako Gdein Izik kanpalekuan bizi den egoera ezagutzeko asmoz Aaiunera bidaia solidarioa egiteko asmo zuen Aretxabaletako herritar Olaia Sagredo eta beste hiru euskal herritar Casablancako aireportuan erretenitu izana salatzen du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Espainiako gobernuari azalpenak eska diezazkiola.

 

- Era berean, Espainiako estatuari exijitzen dio har dezala behingoz nazioarteko legediak bere gain jarrita duen erantzukizuna, eta Saharako herriaren eskaera zilegiei babesa eman diezaiela, Frente Polisarioaren onarpenetik hasita.


- Eta Nazio Batuen Elkarteari eskatzen dio hartutako konpromisoarekin bete dezala eta antolatu dezala Saharako herriaren autodeterminaziorako erreferenduma berehala. Halaber, Marokok Mendebaldeko Saharan autodeterminazio-erreferenduma egitea oztopatzen jarraitzen badu, NBEri eskatzen dio neurri ekonomiko eta diplomatikoak har ditzala Marokoren kontra, harik eta erreferenduma gauzatzen den arte.


- Aretxabaletako Udalak, Saharako herriari gure elkartasuna adierazteko eta Marokoko erreinuaren jarreraren kontrako jarrera adierazteko, Saharako bandera jarriko du Udaletxeko balkoian eta Marokok Gdein Izik kanpamenduaren kontra egindako erasoan izandako hildakoei, zaurituei eta euren senideei elkartasuna adierazteko, xingola beltza jarriko dio Saharako banderari.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak