Iciar Bollain zinemagileak tratu txarren gaineko hausnarketa egiten du 20 minutu irauten duen Amores que matan filmean. Batetik, matxista berbaren atzean dagoena agertzen du, eta bestetik, gizon izateko beste era bat badagoela erakutsi. Gainera, tratu txarrak eragin dituzten gizonak senda daitezkeen hausnarketa zabaltzen du.
Horren guztiaren gainean jarduteko solasaldia egingo dute gero Arkupen elkartutakoek Emma Larretarekin. Iaz ere izan zen gurean Larreta, eta batzuek jakingo dute eraso bortitz bat jasan ondoren aurrera egin duen donostiar gaztea dela. Hain zuzen 2007ko apirilean 27 labankada eman zizkion bikotekide ohiak Donostiako kale batean. Bizitako hura ausardia handiarekin gainditu, eta fisikoki eta psikologikoki osatu ondoren, hausnarketa bultzatzeko ekitaldietan dabil azken hiru urteotan.