Zeru grisari kolore eztandarekin aurre eginaz, hasi dira Andramari Jaiak

Txomin Madina Milikua 2008ko abu. 15a, 13:27
Txupinazo baten faltan, birekin eman zaie hasiera Aretxabaletako Andramari jaiei: batetik udaletxeko hasiera ofiziala, eta bestetik, txosna gunekoa.

Hasiera ofiziala udaletxe inguruan egin zen. Ekitaldia, urtero legez, udalbatzako kideen presentzian ikurrinari egiten zaion agurrarekin hasi zen: ohorezko aurreskua lehenengo, eta Aretxabaletako Abesbatzaren doinuak ostean.

Ondoren,  udaletxeko balkoian, txupinazoa bota zuen Iñaxio Garro alkateak. Pregoian, aurten esparru ezberdinetan arrakasta lortu duten atxabaltarrak izan zituen gogoan, baita hainbat arrazoigatik  euren gogoz kontra Andramari jaiak herritik urrun emango dituztenak ere. Eta txupinazoaren ostean, kolore eztanda: serpentinak eta konfetiak zeru grisari aurre egiteko.

Jaiei begira alkatearen mezua argia zen: ondo pasatzea eta pasaraztea, bai atxabaltarek, eta baita kanpotarrek. Inma Miguel kultur teknikariak bere aldetik, azaldu zuen aurten Barricadaren kontzertua eta Txinako SanXia taldeko akorbatak dirla berrikuntza, baina urteroko beste hitzordu asko ere mantendu dituztela. Helburua, adin tarte guztietarako ekintzak prestatzea izan dela azpimarratu zuen.

Txosna guneko txupinazoa

Gazte Ekimenak jartzen duen txosna gunean ere jaiei behar bezalako hasiera emateko, txupinazoa jaurti zuten, baita mozkorraren igoera ospatu ere. Izaldu zutenez, ia bertan behera geratu zen ekitaldia, Barricadaren kontzerturako toki gutxi geratzen zela eta, Udalak  txosna lekuz aldatzeko agindua eman zien eta goizean. Euren hitzetan, Udalak Barricadaren kontzertua bakarrik antolatu du egunotan gazteendako, eta Gazte Ekimenekoen asmoa izan da txosna gunean egitarau zabal eta herrikoia prestatzea, bereziki gazteei zuzendutakoa.

Leku aldaketa

Aurten herriko plazan lanetan dabiltzala eta, hainbat ekintza lekuz aldatu behar izan dituzte. Hala, haurrendako jolasparkea, Kurtzebarri eskolaren inguruan jarri dute. Umeen artean izarrak, puzgarriak eta autoak.

XXIX. Mus Txapelketa bestalde, Durana kalean egin zen, eta txapela azkenean, Aretxabaletatik kanpo joan zen: ordu askotako lehiaren ostean, Arana eta Barandi gatzagarrak izan baitziren nagusi.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak