Zer egin kiroldegi aurreko berdegunearekin? Aretxabaletarrek izango dute hitza

Leire Kortabarria 2009ko urr. 16a, 12:11
Kiroldegi berria izango denaren aurreko zelaiari zer burubide eman galdetuko die Udalak aretxabaletarrei. Hori egingo du herritarrek Udalarekin batera herriko kontuetan zeresana izan dezaten bultzatzeko Foru Aldundiak bultzatzen duen Kudeatuz programaren barruan.

Xehetasunak landu behar ditu orain Aretxabaletako Udalak programa aurrera eramango duen Aztiker enpresarekin, baina Joxe Anjel Antxia zinegotziak, Kudeatuz programaren arduradunak Aretxabaletako Udalean, esaten du "seguruenik, azaro bukaeran" egingo duela Udalak asmo horren berri emateko informazio kanpaina, eta hortik aurrera, hiru hileko epean bete beharko da parte-hartze programa.

Xehetasun horiek zehazten dituztenean ere erabakiko dute arduradunek zenbat lagunek parte hartuko duten eta zelan aukeratuko dituzten; baina gauza batzuk erabakita daude: adibidez, hiru batzar izango dira, eta Udalak gura du "derrigorrez" parte har dezaten zeresan handien izan dezaketen talde edo eragileek: "besteak beste, kirol arloko ordezkariek, igerilekua eskatzeko sinadura-batzean parte hartu zutenek, eta gura dugu deialdi zabala ere egin, betiere oreka bat gordez sexu, adin eta bestelakoak kontuan hartuta", esaten du Joxe Anjel Antxiak.

Igerilekua eskatzen zuten

Kiroldegi berriko proiektua aukeratu zenean, lehiaketa bidez, erabakita geratu zen barruko igerilekua izango zuela kiroldegiak. Zelaian, hainbat kantxa edo instalazio txiki egitea proposatzen du proiektu horrek. Hala ere, obrak bi fasetan edo alditan egingo dira, eta zelaikoak gerorako utzi dituzte; hortaz, bestelako proposamenak entzuteko eta aztertzeko aukera du Udalak.

Zelai horretan, kanpoko igerilekua egitea eskatu zuten herritar batzuek, eta horren aldeko sinadurak batu zituzten. Udalak aintzat hartzen du iritzi hori; edozein modutan, kanpoko eta barruko igerilekua, biak, "Aretxabaletarako ez dira bideragarriak", dio Joxe Anjel Antxiak. "Kanpoko igerilekua egiteko aukera aztertu genuen, baina zerbait eragingarria egin gura genuen", esaten du. Udal arduradunek gura dute herritarrek "garbi" izan dezaten aukera hori zergatik baztertu zuen Udalak, eta batzarretan azalduko dizkietela: "Urte osoan zabalik eta erabiltzeko moduan egongo den zerbait egin behar dela uste dugu. Kanpoko igerilekua hiru hilabetean erabiltzen da, eta ordu gutxi batzuk", esaten dute.

Ez da loteslea

Igerilekuaren aukera eta bururatzen diren beste guztiak batzar horietan landuko dituzte. Ondorioak datorren urte hasieran jakingo dira. Ez dira lotesleak izango, baina Udalak dio herritarren gogoa "ahalik eta gehien" betetzen saiatuko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak