Zazpi lanpostu sortzeko eskaera egin du Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko abuztuaren 6a

Aretxabaletako Udalak zazpi lanpostu berri sortzeko eskabidea egin du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailean. Eskabidea Jaurlaritzak egin duen deialdiari erantzuna da. Deialdi horrek 1.500 euroko diru-laguntzak ematen ditu egun osoko kontratu berriak finantzatzeko. Postu horietarako, langabezian dauden Aretxabaletako herritarrak eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak lehenetsiko dira.

Lau peoi, herriko bide eta bidexken inbentarioa egiteko teknikaria, artxiboko teknikaria eta liburutegirako laguntzailea dira aipatutako lanpostuak.

Langabezian dauden herritarrendako

Postu horietarako, langabezian dauden Aretxabaletako herritarrak eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak lehenetsiko dira. Aurreikuspenak betetzen badira, bide eta bidexken inbentarioa egiteko teknikaria, artxiboko teknikaria eta liburutegirako laguntzailea irailean hasiko dira lanean eta peoiak azaroan. Deialdiaren ebazpena uda osterako jasotzea espero da. Dena dela, ebazpen hau aldekoa izango ez balitz ere, Udalak zazpi lanpostu horiek ateratzeko konpromisoa hartu du, guztiak sei hileko kontratuarekin eta egun osoz lan egiteko.

Udalak langabetuen lan poltsa jarri du martxan

Deialdia dela-eta Udalak Aretxabaletako langabetuen lan poltsa jarri du martxan, 2009ko abenduan onartutako Enplegu Planaren puntuetako bati jarraituz. Interesa dutenek izena eman beharko dute www.aretxabaleta.com atarian edo Enplegua eta Garapen Ekonomikoa sailean.

Baldintzak: Aretxabaletan erroldatuta egon eta langabetua izatea

Lan poltsa honetan langabezian dagoen edozein herritarrek eman dezake izena; baldintza bakarrak Aretxabaletan erroldatuta egotea eta langabetua izatea dira. Horretarako, izena emateko inprimakia bete beharra dago eta larrea@aretxabaleta.net helbidera bidali, curriculumarekin batera. Behin inprimakia eta curriculuma jasota, udaletxetik elkarrizketa baterako deituko zaie, bakoitzaren egoeraren berri hobeto izateko eta bilatzen ari den lanpostuaren inguruko datu gehiago biltzeko. Era berean, lan poltsaren erabiltzaileen perfil eta nahiekin bat datozen lanpostuen berri dutenean, e-mail bidez bideratuko dira lan eskaintzak.

Bestalde, ikastaro eta bestelako ekimenen inguruko informazioa ere bidaliko da e-mail bidez. Behin lana bilatuta, herritarrek udalari honen berri eman beharko diote.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak