Santakurtz kaleko Zare jantzi dendak jaso du lehenengo saria. Erakusleiho handia du Zarek eta ederki atondu dute aurten. Kolore berdea oinarri hartuta Olentzero jarri dute lastozko muino baten gainean. Gainerako osagaiak dendan salgai dituzten eskularru, poltsa, jertse, beroki eta abar izanik. Gustu oneko konposizioa, guztia.
Lehiaketako klasikoak
Bigarren saria, Gorbeia kaleko Imanol Harategira joan da. Ez da lehenengo aldia komertzio honek halako saria jasotzen duela. Iaz ere erakusleiho lehiaketako bigarren saria eskuratu zuen. Zare dendaren antzera, erakusleiho handia du Imanol harategiak eta askotariko animaliekin apaindu dute Gabonetan.Negua eta udazkena dira protagonista bertan eta animaliekin osatu dute konposizioa. Oilarrak, oiloak, ardi bat, ahatea, hontza eta urtxintxa ikus daitezke, besteak beste. Hirugarren saria, iaz bezala, Araba ibilbideko Kimuak lora dendak jaso du. Dotore jarri dute aurten ere. Merezitako saria, beraz.