Zainduz fitness zentroa erosi du Udalak

Mirari Altube Arrese 2008ko apirilaren 4a

Ilargi plazan egoitza duen Zainduz SL fitness zentroa erosteko hitzarmena eta baldintzak onartu zituzten aho batez astelehenean, martxoak 31, egindako ohiko osoko bilkuran. Kirol etxeko hainbat jarduera eskainiko dituzte bertan.

2008ko udal aurrekontua egiterakoan dagoeneko aurreikusi zuten aipatutako lokala erostea, eta 355.000 euro bideratu zituzten; bigarren zatia datorren urteko aurrekontuan sartuko dute. Lokalarekin batera bertako ondasunen jabe egingo da Udala. Asmoa da kirol etxea bota eta berria egin bitartean –abuztu edo irailean hasiko dira lanak– Ilargi plazako egoitzan ematea hainbat jarduera. Hala ere, Zainduzen lanean jarraituko dute maiatza edo ekaina bitartean.

Bestalde, Mendekotasun Legearen gainean Eusko Legebiltzarrak 2007ko azaroan eztabaidatutako eta adostutako testua aurkeztu zuen talde sozialistak osoko bilkuran. Legebiltzarreko alderdi guztiek onartutako testua irakurri zuten –Jaurlaritzari hainbat eskaera egiten diona–, eta udalbatzako kideek aho batez onartu zuten.

Pankarta udaletxeko balkoian
Galderen tartean martxoaren 8an gertatutako hainbat kontu gogorarazi zituen PSE-EEko zinegotzi Ainhoa Sagarribaik. Isaias Carrasco ETAk, Arrasaten, erail ostean, elkarretaratzeko deia egin zuten hurrengo egunerako. Udal talde sozialistak bi eskaera egin zituen: ETA ez/ETA no zioen pankartaren atzean elkartzea eta une horretarako udaletxeko balkoitik Euskal Presoak Euskal Herrira izara kentzea. Pankartarik ez zela ekarri gogorarazi zuen Sagarribaik, eta emandako arrazoia: "Lelorik ez erabiltzeko gomendatu zuela Eudelek". Eta gaineratu zuen: "Baina gomendioa bakarrik zen". Bestalde, salatu zuen izara ez zela kendu balkoitik: "Nahiz eta horrek hiltzaileak, bahitzaileak, estortsio egileak eta kolaboratzaileak ordezkatu". Eta galdera bota zuen: "Noizko ETA ez/ETA no pankarta balkoian?" EAko Lore Martinezek adierazi zion "presoen eskubidea dela Euskal Herritik gertu egotea". Eta alkateak argitu zion pankarta eskatuta dagoela, eta datorren asterako egongo dela –nahiz eta Aralar eta EB-Berdeak injustizia sozial eta politiko guztiak biltzen dituen leloaren aldekoak izan–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak