Zaharren egoitza eraikitzeko lurren berkalifikazioa onartu dute

Arritxu Barruso 2007ko martxoaren 14a

Aretxabaletako osoko bilkuran zaharren egoitza eraikitzeko lurren berkalifikazioa onartu zen. Aralarrek eta Ezker Batuak mozioa aurkeztu zuten erabaki honen aurka, presaka eta eztabaidatu barik hartutako neurria dela uste dutelako.

Aretxabaletako osoko bilkuran eztabaida sortu zen astelehenean zaharren egoitzarako lurren berkalifikazioa dela eta. Arritxu Oliden alkatearen ustez aurkeztutako proposamena ona eta berritzailea da. Proiektua ekimen pribatuaren esku jarriko da eta kooperatiba moduan lan egingo du zaharren egoitza berriak.

Aralarrek uste du, ordea, eztabaidatu barik eta korrika hartutako neurria dela. Aralarren ustez zaharren egoitza bezalako gai garrantzitsu bat enpresa pribatu baten esku jartzea akats izugarria da. Eraikuntza, kudeaketa eta zaharren egoitzak eskainiko dituen zerbitzuen inguruan udalak ezingo baitu inongo erabakirik hartu.

2009an martxan

Aralar eta Ezker Batuaren kontrako lau botoek, hala ere, ez zuten lurrak berkalifikatzeko erabakia atzera bota. Zazpi izan ziren aldeko botoak.

Arritxu Olidenek azaldu zuenez eraikuntza lanak datorren ekainean hasiko dira eta zaharren egoitza 2009an jarriko da martxan.

Saneamendu ordenantzaren aldaketa

Osoko bilkuran saneamendu ordenantzaren aldaketa ere onetsi zen. Berritze lanak egiten zituzten baserriek fosa septiko bat ipintzeko beharra daukate eta orain arte udalak instalazioaren % 100 finantzatzen zuen. Orain berriz baserriek nekazaritza ustiapena eduki beharko dute finantzazio hau lortzeko. Bestelako baserri eta etxeek fosa septikoa ipintzeko %30eko dirulaguntza bakarrik jasoko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak