Mendekotasuna duten nagusiendako zaharren egoitza egin gura du Aldundiak eskualderako. Aretxabaletako Udalarekin berba egin, eta Untzillarako bidean –Egilleor baserri azpian– egitea aurreikusi zuten. Nekazal izendapena daukate lurrok, eta orain sei hilabete inguru hiritar izendapena lortzeko pausuak ematen hasi zen Udala. Astelehenean, behin behineko onarpena egitea zuten helburu EAJ-EAko kideek baina Aralar aurka azaldu zen. Egoitza berriaren gaineko informaziorik ez zutela ez gainerako alderdiek, ez oraingo egoitzako langileek salatu zuen: "Hasieran emandako datuak besterik ez ditugu, eta Urats Gain egoitzaren Fundazioa ez da elkartu azken urtean", esan zuen Xabier Sarasuak. Alkateak argitu zion Udalak jaso duen informazio guztia eman duela. Hala ere, gustura ez Sarasua eta aipatu zuen mendekotasundunen ardura Aldundiak izan arren, Udalak erantzukizun handia duela, eta irizpide batzuk ezarri beharko lituzkeela.
Bozketa egindakoan Aralarko hiru zinegotziek ezetza eman zuten, eta EAJ-EAko bostek baietza eman arren –Ezker Batua, PP eta PSE ez ziren agertu– gehiengo osoa behar zuenez gaiak onartzeko atzera bota zuten. Orain gainerako alderdiekin elkartzeko asmoa dauka EAJk, eta adostasuna lortu hurrengo osoko bilkuran onartu ahal izateko.