Galartza auzora bidean, Egillior baserri azpiko zelaian, lurra kentzen hasita daude. Azken hiru asteotan, baina, hondeatze-makinak geldi egon dira. Udalak, ez daki garbi horren arrazoia, baina paper kontuen ondorioz izan daitekeela adierazi digute. Asteleheneko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean hain zuzen, lanak egiteko baimen eskaera argitaratu zuten. 20 egun daukate orain herritarrek erreklamazioak aurkezteko.
Batzarra Aldundian
Astelehenean, hilak 5, gainera, alkatea eta bi zinegotzi, Gizarte Zerbitzuetako Araceli Herran eta Kultura Saileko Lore Martinez, Foru Aldundian izan ziren Gizarte Zerbitzuetako arduradunekin. Inaxio Garro alkateak batzarraren helburua azaldu digu: "Hiru asmorekin joan ginen: elkar ezagutu; Udalak zehaztuta dituen Gizarte Zerbitzuetako proiektu eta egitasmoak aurkeztu eta zahar etxe berriaren gaineko zalantzak argitu: diru-laguntzak, Urats Gain egoitzako funtzionarioen egoera eta beste hainbat kontu". Hilabete baino lehen beste batzar bat egitekotan geratu ziren, oraingoan Aretxabaletan, eta hiru aldeak elkartuko dira: Aldundia, Udala eta egoitza berria egingo duen GSR enpresa.
2009ko urtarrilean zabalik
Zahar etxe berria egiteko hitzarmena martxoan sinatu zuten Aldundiak eta MCC/LKSk. GSR kooperatibak egingo du, eta orduan aurkeztutako proiektuari ukitu batzuk egin arren ez du aldaketa handirik jasan. Proiektu haren arabera, 170 pertsonari emango die zerbitzua, eta Debagoien osoko biztanleendako izango da. 170 lekuetatik 30 aldi baterako izango dira, gehienez urtebeterako. Gainerako 140 lekuetatik erdiak Aldundiarekin hitzartutakoak dira. Bestalde, eguneko zentroa ere izango du, 30 lagunendako. 110 langilek jardungo dute, eta 10 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute. 2009ko urtarrilean zabalik egongo dela esan dio Udalari GSRk. Eta orduan, Urats Gain egoitzako mendekotasuna duten egoiliarrak bertara joango dira.
Hainbat batzar egin dituzte Udalak eta GSRk azken hilabeteotan. Obra-baimenik ez du ordaindu gura GSRk –dirutza handia–, gizarte izaera duela obrak esanda, eta ez dira ados jartzen bi aldeak. Horregatik alkateak jakinarazi digu beste batzar bat deitzeko asmoa duela: "Oraingoan, baina, Udaleko zinegotzi guztiak egotea gurako nuke, ez bakarrik Udal gobernua osatzen dugunok, guztiek jakin dezaten zahar etxearen gaineko kontuak zela dauden".