Zaborra %13,9 igoko dute eta ura %10,6

Mirari Altube Arrese 2007ko urriaren 10a

Astelehenean egindako ez ohiko osoko bilkuran onartu zituzten ordenantza fiskalen igoerak. Zaborrak eta urak izango dute igoerarik nabarmenenak.

Zaborra %13,9 igoko dute Sasietako mankomunitateak garestitu egin duelako zerbitzua; arrazoia da San Markosekoa itxi egingo dutela. Antzekoa gertatu da urarekin, Ur Kontsortzioak garestitu egin ditu kanona eta beste zerbitzu batzuk, eta ondorioz, %10,6ko igoera jasango dute herritarrek. Gainera, minimotik gora gastatzen dutenek KPIaren igoera ere izango dute.

Automobilen zergak KPI igoko dira. Ondasun higiezinen gaineko zerga, hau da, etxebizitzen gaineko zerga %2 baino gehiago igoko da; batetik, balore katastrala %2 igoko duela Aldundiak aurreikusi duelako Udalak, eta bestetik Arrasaterekin dagoen diferentzia parekatu gura dutelako. Etxeetako lan txikiek KPIaren igoera izango dute, eta energia berriztagarriak sartzeko egindako lanek –eguzki-plakak…– hobaria izango dute.

Kirol etxean ematen dituzten zerbitzuek, batzuk %3 igoko dute eta beste batzuk gutxiago. Udaleku irekiak eta ludoteka KPI igoko dira, eta onartu zuten famili ugarien kasuan hirugarren umeari doan ematea zerbitzua.

KPiaren datua

Udal kontu-hartzaileak azaldu digu KPI edo kontsumoko prezioen indizearen urriko datua hartuko duela kontuan Aretxabaletako Udalak igoerak aplikatzeko. Datu hori azaroaren 12 inguruan argitaratuko dute: "Baina adituek diotenaren arabera %3 edo %3,5 izan daiteke", aurreratu zigun. Eta 2008ko urtarrilean hasiko dira aplikatzen.

Biziguneri emandako etxeek hobaria

Ezker Batua-Berdeak taldeko Tomas Fernandez zinegotziak proposatu zuen etxebizitza Biziguneren eskuetan uzten duen ugazabari etxebizitzaren gaineko zergarik ez kobratzea: "Hala bultzatuko dugu hutsik dauden etxebizitzak errentan ematea", esan zuen. Lau bat etxe daudela Biziguneren eskuetan Aretxabaletan aipatu zuten udalbatzarreko kideek, oso gutxi. Aho batez onartu zuten proposamena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak