Zabalik dago igerilekua 17 egunetan itxita egon ostean

Mirari Altube Arrese 2008ko urt. 10a, 11:31
Joan zen egubakoitzean, urtarrilak 4, zabaldu zuten kirol etxeko igerilekua. Abenduaren 18tik zegoen itxita sabaia egoera eskasean zuelako, eta konpondu ostean zabaldu dute.

Hezetasunaren eta igerilekuko urak duen kloroaren erruz zegoen sabaia egoera eskasean. Sabaiko hormigoi armatua herdoiltzen hasita zegoen eta sabai aizuna, hau da, sabai sostengatzailearen azpitik dagoen sabaia eta klimatizazio hodiak oso egoera eskasean zeuden. Hori guztia konpontzeko hormigoiari tratamendu berezia eman diote, eta sabai aizuna eta klimatizazio hodiak kendu egin dituzte. Lanak behar bezala bukatzeko, sabaia margotu dute.


Asier Mujika kirol zerbitzuko teknikariak jakitera eman digu ez dela sabaiarekin arazoak dituzten lehen aldia: "Lehen sabai aizunaren zati batzuk berritu genituen, baina arazoa larriagoa zela konturatu ginenean etorri da gainerako guztia".

Behin betiko proiektua, martxoan
Egunetik egunera arazo gehiago dituzte kirol etxean eta larriagoak, gainera. Zein egoeratan dagoen ikusi ahal izan zuen Iñaki Galdos Kiroletako diputatuak, azaroan. Eta kirol etxe berriaren premia handia dugula jakinarazi zioten zinegotzi zein kirol eta hirigintza teknikariek. Hala, behin betiko proiektua martxo inguruan onartu eta lanak lehenbailehen hasi gura dituzte. 10 milioi euro inguruko aurrekontua izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak