Zabalik dago erreka bestaldeko etxe tasatuetan izena emateko epea

Mirian Biteri 2008ko maiatzaren 23a

Erreka beste aldean saltzeke dauden hamabost etxebizitza tasatuen zozketan parte hartzeko izena eman daiteke ekainaren 30era arte. Merkeenak 183.335 euro balioko du; garestienak, berriz, 223.811 euro.

Astelehenean egindako osoko bilkuran, etxeak eraikitzen ari den Bruesa enpresarekin akordio batera iritsi dela jakinarazi zuen Inaxio Garro alkateak. Metro koadro bakoitzak 2.380,97 euro balioko duela adostu dute.

Osoko bilkurak egoki ikusi zuen prezio hori eta beraz, Bruesa enpresarekin hitzarmena sinatzea onartu zuen. Aralar, EA eta Ezker Batua-Berdeak alderdietako zinegotziek aldeko botoa eman zuten. PSE-EEko Ainhoa eta Angel Sagarribai, berriz, abstenitu egin ziren, prezioaren igoerarekin ez zeudelako ados. EAJko zinegotziak ez ziren osoko bilkuran izan.

Bete beharreko baldintzak

Zozketan sartu ahal izateko hainbat baldintza bete beharko dituzte interesatuek. Besteak beste, 2007ko abenduaren 31 ezkero Aretxabaletan erroldatuta egon beharko dute eta ez dira etxe baten jabe izango. Horrez aparte, 2006an izandako diru sarrerak aurkeztu beharko dituzte. Etxe tasatu horien zozketa uztailean egin nahi du Udalak.

Asteleheneko osoko bilkuran, bestalde, Jaurlaritzarekin babes ofizialeko ehun etxebizitza egiteko hitzarmena sinatzea aho batez onartu zuten. Garrok horien zozketa irailerako edo urrirako aurreikusita dagoela azaldu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak