XIX. Loramendi Literatura Lehiaketako sari banaketa, bihar

Mirari Altube Arrese 2008ko urt. 24a, 12:48
Bihar, urtarrilak 25, XIX. Loramendi Literatura Lehiaketako sariak banatuko ditu Loramendi Euskara Elkarteak. 8 eta 16 urte arteko gaztetxoek egindako 245 lan jaso dituzte, eta onenek saria izango dute. Udaletxe zaharrean izango da ekitaldia, 19:00etan.

Tradizio handia du Loramendi EEk antolatutako eskola arteko literatura lehiaketak, eta iaz baino lan gehiago jaso dituzte, 245 hain zuzen. Lehen Hezkuntzako ikasleek, hau da, 8 eta 12 urte artekoek ipuinak eta bertsoak egin dituzte. "Kopuru handia jaso dugu, eta bertsoak idaztera asko ausartu dira", adierazi digu Loramendi EEko kide Larraitz Iñurrategik. "Bertako euskalkian idaztea baloratzen dugu, eta herriko leku izenak erabiltzea. Baina konturatu gara askok behartuta erabiltzen dituztela, lekuok non dauden ere jakin barik", gaineratu du.

DBHkoek, 12 eta 16 urte artekoek, beste lan batzuk egin behar zituzten: komikiak, grabaketak, bertsoak eta maitasun gutunak. Lan gutxiago jaso dituzte horiengandik; hala ere, maila polita daukate aurkeztutakoek. "Maitasun gutun asko jaso ditugu eta bertsoak ere bai; komikiak, sei, eta grabaketak, hiru. Komiki politak ekarri dizkigute, eta batzuk, gainera, geure euskalkian idatzita daude", argitu du Iñurrategik.

Loramendi Euskara Elkarteko arduradunekin batera Inaxio Garro alkatea eta Lore Martinez Kultura zinegotzia izango dira sariak banatzen. Aurten, gainera, gonbidatu berezia daukate, Karmele Igartua irakasle aretxabaletarra. Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatutako Felipe Arrese Beitia poesia saria irabazi zuen Igartuak, abenduan, Hitzak orbainetan poesia bildumagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak