XIII. Gastronomia eta Folklore Jaia domekan, Herriko plazan

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 23a, 15:06
Hainbat erkidegotako ohiturak, gastronomia eta kultura ezagutarazteko asmoarekin Gastronomia eta Folklore jaia egingo dute, domekan (10:30-20:00) Zaraia Mendizale taldeak eta Udalak elkarlanean. Antolatzaileek onartu dute aurrekontua murriztu beharrean izan direla baina "jai giroa ziurtatuta dagoela".

Aurreko urteetan legez Gaztela Leon, Extremadura, Galizia, Errioxa eta Euskal Autonomi Erkidegoa ordezkatuko dituzten taldeak elkartuko dira. 10:30ean izango da ongietorria eta gero (11:15) dantza erakustaldiak egingo dituzte herriko hainbat gunetan Galizia etxeko taldeak, Gaztela Leongo San Fernando taldeak eta Aretxabaletako Loramendi Dantza Taldeak. Errioxako Jota taldearen emanaldia, ostera, 12:00etan izango da, plazan.
Eta folkloreari dagokion ekitaldiak egin bitartean erkidego bakoitzeko gastronomia dastatzeko aukera izango dute herritarrek: olagarroa, txitxi-burruntziak, urdaiazpikoa, Errioxako ardoa, albariñoa eta beste asko.

XV. patxaran lehiaketa

Jai giro horretan XV. Patxaran Lehiaketa egingo dute. Lehiaketan parte hartu gura dutenek domekan bertan, 11:00ak eta 14:00ak bitartean, ekarri behar dituzte etxean egindako patxaranak Herriko plazan jarriko duten mahaira. Parte-hartzaile bakoitzari bi botila bakarrik onartuko dizkiote.

Epaimahaiko kideek 17:00etan dastatuko dituzte aurkeztutako patxaranak eta sari banaketa 17:45ean egingo dute. Aranekin egindako patxaranaz gain botilaren orijinaltasuna ere kontuan hartuko dute.


Patxaran onenak egin dituzten lehenengo hirurei garaikurra eta diru-saria emango dizkiete. Eta saria jasotako patxaranak enkantean banatuko dituzte, hau da, diru proposamen onena egiten duenarendako hiru botilak. Gainerako patxaranak herritarrei eskainiko dizkiete proba ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak