Uxue Eraña Creamoda jardunaldietako lehiaketan

Irati Agirreazaldegi 2009ko mai. 7a, 13:29
Moda diseinu ikasketak egin ostean, Uxue Eraña diseinatzaile aretxabaletarrak Barakaldoko BEC esparruan egingo den lehiaketa batean aurkeztuko ditu bere lanak.

Modeloek pausoa seguru ematen dute moda ibiltokian eta Uxue Eraña aretxabaletarrak ere seguru izan du beti modan jardun nahi duela, moda diseinuan, hain zuzen ere. "Bartzelonan egin ditut ikasketak. Azken urtea da oraingoa, proiektua amaitu dut eta kapeleen gaineko ikastaro bat egiten dihardut", esan digu.

Uxue Eraña bera ez baina diseinatzaile gaztearen lanak moda ibiltoki gainean ikusteko aukera izango da asteon. Izan ere, BEC-en, Barakaldon, egiten diharduten Creamoda jardunaldietan, lehiaketa batean hartu du parte. "Nire ikasketa amaierako proiektuko lau diseinu auzkeztu ditut. Hiru egunetan dira desfileak eta finalera iritsiz gero finala beste egun batean izango da", azaldu digu Uxue Erañak.

Aurrez ere lehiaketa batean parte hartutakoa da. "Vigon lagun batekin hartu nuen parte moda diseinu lehiaketa baten. Gogoa neukan ezagutzeko horrelako lehiaketek eta desfileek nola funtzionatzen duten barrutik. Konturatu nintzen jende askok diharduela moda kontuan eta maila altua dagoela", dio Erañak.

Diseinu femeninoak

BEC-eko lehiaketan aurkeztuko dituen diseinuak pertsonalak dira Uxue Erañaren esanetan: "Bizitzan eragina izan duten gauzetan oinarritu naiz. Rock-and-roll-a, Paris hiri moduan… Diseinu oso femeninoak dira, emakumearen gorputza markatzen dutenak. Koloreei dagokienez beltza, grisa eta gorri puntu batzuk erabili ditut. Nire koloreak direla esango nuke".

Bere lanak ibiltoki gainean erakutsiko ditu, bai, baina aurrerantzean ere moda diseinuan jardutea da Uxue Erañaren nahia: "Ikasketak amaitu eta nire asmoa da etxera bueltatzea eta Euskal Herrian barrena moda diseinuaren arloan lanen bat aurkitzea".

Lagunendako ezer gutxi

Lehiaketetarako ez ezik berarendako eta lagunendako ere inoiz egin du diseinurik, baina askorik ez;"ez didate ezer bereziki egiteko eskatzen", esan digu. Hala ere, egin du lantxo berezirik ere: "Joan zen astean ezkondu zen anaia eta bere emazteari ezkontzarako egin nion bururako apaintzeko diseinu bat".

Moda ibiltokirako pausoa eman ostean, ea debagoiendarren soinetarako bidea egiten duten Uxue Erañaren arropek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak