Gaur arratsaldean egin dute bilera Aretxabaletako EAE-ANV, Aralar eta EAko ordezkariek. Dokumentu bat hitzartu dute eta adostutako agirian zenbait konpromiso ere hartzen dituzte Aralar eta EA alderdiek datozen lau urteotarako.
Hauteskundeetako emaitzen ondoren, Aretxabaletan egoera berezi batean daudela onartu dute hiru taldeek eta irtenbide bat aurkitu nahian egindako pausoa da.
Adostu dute
Aretxabaletan besteenganako errespetuzko jokaerak egon daitezen lan egingo dutela.
Euskal Herriari dagokionez, era guztietako biolentzia eta eskubideen bortxaketaren aurka daudela adierazi dute eta irtenbide zibil eta politikoen alde lan egingo dutela.
Herritarren parte-hartzearen alde egingo dutela bizikidetza demokratikoaren arauak betez.
EAE legez kanpo izateak parteen artean akordioak hartzea eragozten du, baina EAEren parte-hartzearen alde egingo dute beti ere legeak dioena betez.
Konpromiso hauek hartu dituzte Aralar eta EAk
Aretxabaletako hautesleen nahiari jarraituz, Aralarren eta EAk, uko egingo diete EAErenak izango liratekeen zinegotziei, hain justu ere Aralarrek laugarrenari, eta EAk hirugarrenari.
Hiru alderdiek babestuko dute Aralarreko alkatetza. Batzuk boto bidez eta besteak publikoki adieraziz.
EAEk Udalbatzan parte har dezan mekanismoak martxan jarriko dituzte, baita dagozkien diru sariak eman ere. Gerora begira, gobernu modu guziak zabalik geratzen dira.