Kultura Batzordeko buru den Inaxio Garro pozik dago Arkuperen lehen urteko jardunarekin: "Herritarren itxaropen eta nahiak betetzea lortu dugula uste dut. Kultura arloko hainbat kontu eskaini dugu urtebetean eta herritarrek oso ondo erantzun dute. Liburutegiko erabiltzaile kopuruak ere gora egin du".
Liburutegia, musika eskola, gaztelekua, erakusketa aretoa, kultura teknikarien egoitza eta Zaraia aretoa daude Arkupen. Aretoak 99 lagunendako dauka lekua eta batzuetan txiki geratu izan da: "Formatu txiki eta ertaineko ikuskizunetarako apartekoa da, eta halaxe jakinarazi digute bertatik pasatutako hizlari eta kantari batzuek. Herritarren ikuspegitik ere areto erosoa, atsegina eta erakargarria dela esango nuke", dio Garrok.
Ama Lur enpresaren jarduna
Udalak erabaki zuen enpresa bat hartzea Arkupe kudeatzeko eta Ama Lur hautatu zuen iazko urrian. Abenduan hasi zen lanean eta urtebeterako egin zioten kontratua, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Oraindik sei hilabete bakarrik daramatza, eta Garrok adierazi du enpresaren jardunaren gaineko baloraziorik ez dutela egin.
Azken asteotan, ostera, kultura plana egiten dabiltza. Herriko kultura dinamikaren gaineko hausnarketa egitea du helburu plan horrek eta herriko hainbat eragile eta herritar dabiltza gogoeta hori egiten Elhuyar fundazioarekin batera.
Aste bukaerako ekitaldiak
Urteurrenarekin batera Arkuperen webgunea jarri dute abian, kultur etxeko albisteak eta egitarauak herritarrek eskura izan ditzaten:www.arkupe.eu.
Horrez gain, hainbat ikuskizun izango dira aste bukaeran lehen urtetxoa ospatzeko. Dagoeneko zabalik da zirkoaren eta txotxongiloen gaineko erakusketa, eta Corrado Masacci egileak berak hainbat saio eskaini die ikastetxeetako neska-mutikoei. Eta bihar, hilak 6, hainbat ekitaldi izango dira: umeek ipuin kontaketa izango dute goizean Amaia Arriaranen eskutik, liburutegian (11:30) eta Kixka taldearen Txuribeltz ikuskizuna arratsaldean (17:00) –3 euro–. Gazte eta helduek, ostera, Mahaster River Bergarako taldearen kontzertua izango dute bihar (22:00) eta Arantza eta Pantxorena domekan (19:30) –5 euro–.