Ur maila oparoa dauka egunotan Urkulu urtegiak. Uraren maila %87koa da bertan, maila altua abuztua izateko. Urrundu da, beraz, urtarrilean inguruan ur eskasiaren gainean sortutako kezka. Arazoa, orain, beste bat da. Zebra-muskuilua du izena eta bere hedapena galarazteko bainua eta arrantza debekatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko ibai eta urtegi guztietan. Bainua aurretik zegoen debekatuta Urkulun. Iaz piraguen erabilera galarazi zuten zebra-muskuiluaren hedapena zela-eta. Aurten, berriz, arrantza.
Momentuz, arrastorik ez
Lareoko urtegian, Ataunen, aurkitu dituzten zebra-muskuiluen beldarrak heda ez daitezen hartu du neurria Foru Aldundiak. Gipuzkoako Ur Partzuergoan ustiapen zuzendaria den Jose Saizarrek esan du euren teknikariek ez dutela momentuz Urkulun zebra-muskuiluaren arrastorik antzeman. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, ez du oraindik Urkulun azterketarik egin.
Ekosistema autoktonoen suntsitzailea
Garrantzitsua da jarri berritako debekuak errespetatzea zebra-muskuilua oso kaltegarria baita. Ekosistemak erabat eralda ditzake. Fitoplanktonez elikatzen da, eta elikagai bera duten animaliei lehia zuzena egiten die. Gainazal guztiak betetzen dituenez desoreka ekologiko handiak sortzen ditu. Galera ekonomikoak ere eragin ditzake, azpiegituretako hodiak, hustubideak eta abarretan traba egin edo guztiz tapoituz.