Egun 120 bazkide ditu eta Uxoa Etxebarria da presidentea. Hain zuzen sorreratik emakumeak bazkide dituen elkarte bakarra da herrian. Pentsaera politiko bati lotuta dago Urbaltz eta poliki-poliki indar handia hartzen dabilela elkartea dio Etxebarria presidenteak. Hala, giro bikaina izaten dela jakinarazi du: "Gazte asko sartu dira azken urteotan bazkide eta mugimendu handia dago. Familia asko egoten dira bazkaltzen eta afaltzen eta benetan giro polita egoten da".
Urbaltzek egunak ospatzen
Gorabehera asko izan ditu Urbaltzek 25 urtean, momentu hunkigarriak eta momentu gogorrak bizi izan dituzte bertako bazkideek. Une latzei lotuta dago hain zuzen, Urbaltzen sorrera bera: "Inaugurazioa ospatu behar zenean –Gudari Egunean– GALen atentatu bat izan zen Iparraldean, lau errefuxiatu erail zituzten eta arrazoi horregatik, inauguratze ekitaldia 15 egun atzeratu behar izan zen".
Urbaltzeko eguna urtero ospatzen zuten sasoi baten, bolo txapelketa eta herri bazkaria egiten ziren. "Kepa Urra eta Iñaki Iturri atxilotu arte egin zen ospakizun hori, ordutik ez da berriro egin", argitu du presidenteak.
Momentu gozoak ere asko izan dira Urbaltzen ibilbidean, tartean hauteskundeetako gauak Etxebarriaren esanetan: "Gau horiek hunkigarriak izan dira, hiru Udal hauteskunderen lorpena bertan ospatu da-eta".
Etorkizuna jakin ezinik
2006ko urrian ertzaintza eta idazkari judiziala izan ziren Urbaltz elkartearen ardurapean dagoen tabernan, beste herri askotan legez. Eta egungo egoera ez da guztiz argia presidenteak jakinarazitako moduan: "Herriko tabernak 35/02 sumariopean bahituta gaude, enbarguak, interbentzio judiziala, azken finean, gure etorkizunaren norabidea jakin ezinik".
Urteurreneko egitaraua
Hona Urbaltzeko kideek antolatu dituzten ekitaldiak:
- Irailak 13, astelehena, Arkupen (19:00)
Argazki emanaldia: Mundua, 25 urte argazkitan
Egilea: Joseba Egibar
- Irailak 15, eguaztena, Arkupen (19:00)
Berbaldia: Independentzia atzo, gaur eta bihar
Hizlariak: Floren Aoiz eta Martin Garitano
- Irailak 16, eguena, Urbaltz elkartean (19:00)
Berbaldia: Ardoari buruz berriketan
Hizlaria: Candido Besa upategia
- Irailak 18, zapatua, Mitarte plazan
13:00, bertsolariak: Rikardo eta Enbeita
14:30, bazkaria trikitilariekin
17:00-19:00, puzgarriak
19:00, rock kontzertua
22:00, erromeria gau erdira arte Elviskaino dj-arekin