Aretxabaleta urez hornitzen duen ur-andelak 2.000 metro kubiko gordetzeko edukiera du. Herriak, ostera, 2.300 metro kubiko kontsumitzen ditu egunero; ondorioz, ezin da urik gordeta eduki orain dagoen lekuan. Horregatik andela handiagoa behar duela herriak eskatu zion Udalak Aldundiari orain dela hilabete batzuk. Aldundiak onartu, eta uztail bukaeran esleitu zituen lanok. Donostian egoitza duen Construcciones Murias SA enpresak egingo ditu, eta 977.670 euroko kostua aurreikusi dute.
Orain dagoen andelaren alboan edukiera berdineko beste bat eraikiko dute, hau da, 2.000 metro kubikoko bigarren andela. Hala, ur-andelaren edukiera 4.000 metro kubikokoa izango da bukatutakoan. Gainera, andela bietako balbulendako eta kontrolerako gelak izango dituen txabola egingo dute aldamenean.
Bitartean andela zaharra
Lanok, ezustekorik ezean, bederatzi hilabete inguru iraungo dute. Bien bitartean ur-andela zaharra erabiliko du Udalak Urkulutik datorren ura etxeetara bidaltzeko. Urkulurako bidean dago hori ere, oraingoa baino zertxobait beherago, eta 240 metro kubikorendako edukiera du. "Aldaketa horrek, ez luke inolako eragozpenik sortu beharko herriko ur hornikuntzan", adierazi dute Hirigintza saileko arduradunek.