Unai Zunzunegi seigarren munduko txapelketan

Belgikan jokatutako proba amaieran ilaraz erratu ez bazen, hirugarren sailkatuko zen. Aretxabaletako San Miguel jaietan erakustaldia egingo du 12 urteko gaztetxoak.

Unai Zunzunegik seigarren egin du 16 urte azpiko munduko trialsin txapelketan. Abuztuan jokatu zuten txapelketa hori, Belgikan, eta bera izan zen lehiatu zen euskaldun bakarra.

Ia hirugarren
Aretxabaletarra oso pozik dago Belgikan egindako lanarekin. "Lehen proba erraza izan zen, eta bigarrena, zaila, baina ondo moldatu nintzen bietan. Pozik nago lortutakoarekin", dio. Hala ere, arantza txiki bat gelditu zaio Unai Zunzunegiri. Izan ere, bigarren proba bukatu ostean epaimahaiarengana joan behar zuen, eta ilaraz erratu zen. "Okerreko ilara baten jarri nintzen. Berandu heldu nintzen epailearengana, eta zazpi puntu kendu zizkidaten. Garaiz heldu banintza, hirugarren egingo nuen", azaldu du 12 urteko gaztetxoak. 

Txapelketa gune basotsu baten jokatu zuten. "Zailtasun ezberdinak zituzten probek, baina gustura ibili nintzen", dio aretxabaletarrak. "Etxeko guztiok joan ginen, gainera, eta asko animatu ninduten", gaineratu du. Munduko txapelketa, gainera, udako oporrak disfrutatzeko aitzakia ere izan dela dio Zunzunegik, "Belgikan ez ezik, Holandan ere izan gara oporretan". Guztira 114 lehiakidek hartu zuten parte Belgikan jokatutako munduko txapelketan. Espainiako selekzioa 15 gaztetxok osatu zuten eta Zunzunegi izan zen euskaldun bakarra.

Zaharragoekin lehian
Aurrerantzean urte bat zaharrago direnekin batera lehiatuko da Unai Zunzunegi trialsinen. "Euskadiko txapelketan ez dut uste gaizki ibiliko naizenik. Espainiakoan maila altuagoa da, eta han, agian, larri ibiliko naiz, baina ez zait ardura. Pozik nago", dio gaztetxoak.
Unai Zunzunegi bost urte zituela hasi zen bizikleta hartu eta trialsina egiten. Beste bi lagunekin batera egiten ditu entrenamenduak. "Aretxabaletan, skate pistan jarritako harrietan ibiltzen gara, eta Gasteizen eta Udalan ere entrenatzen dut", zehaztu du. Herriko jaietan erakustaldia egingo du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.