Ukimen-pantaila jarri dute Arkupen herriko berriekin

Jon Berezibar 2009ko uzt. 17a, 14:42
Teknologia berrien aldeko apustua egin du Udalak eta 'bluetooth' sistemaren bitartez hilean birritan jasoko dute informazioa herritarrek telefonoan

Ukimen-pantaila duen informazio gunea jarri berri du Udalak Arkupe kultura etxean. Herriaren gaineko argibide asko daude bertan, baita herritarrendako interesgarriak diren bestelako argibide batzuk ere.


Arkupeko egitarauaren berri jaso daiteke informazio gune horretan, udal webgunera sartzeko aukera eskaintzen du eta beste webgune batzuetara ere bai: www.gipuzkoa.net, www.euskadi.net… ONA txartela non eskura daitekeen argibideak ematen ditu  eta lehiaketa publikoen berri ere badakar. Gainera, mezuak bidaltzeko aukera eskaintzen du bai poltsikoko telefonora, bai helbide elektroniko batera. "Herritarrek informazioa eskura izatea gura dugu eta horretarako teknologia berrien aldeko apustua egin dugu", azaldu digu Inaxio Garro alkateak. Gainera, Wifi gunea da Arkupe, hau da, Interneten sartzeko aukera dute herritarrek.

 

Informazioa 'Bluetooth'-arekin

Bestalde, bluetooth sistemaren bitartez informazioa bidaltzen dute Arkupen telefono mugikorrera; baita Zainduz gimnasioan eta KZgunean ere. Hilabetean birritan jasotzen dute informazioa herritarrek. Uztailean, esaterako, joan zen zapatuan egin zuten Hip-Hop Egunaren berri bidali zuten eta orain Andramaixetako egitarauaren gaineko argibideak bidaliko dituzte. Hori guztia jasotzeko nahikoa da norberaren telefono mugikorrerako bluetootha aktibatuta izatea.

 

Informatikari beharra

Udalak, bestalde, informatikaria gura du udal eraikinetan dauden informatikako kontu guztien mantenimendu lanak egiteko. Orain Aide enpresak egiten dizkio lan horiek baina otsailean aurkeztutako lanpostuen zerrendan informatikaria hartzea onartu zuten. Lanpostuaren oinarriak gertatuko dituzte uztailean eta lehiaketa deia irailean egingo dute. Lanpostua beteko duen langilea informatikaria edo informatikako ingeniaritza egindakoa izatea gura du Udalak eta 4. mailako hizkuntza eskakizuna egin du. Egun erdiko lana izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak