Batetik, irabazi asmorik gabeko Aretxabaletako kultura elkarteei urteko programak finantzatzeko laguntzak banatuko ditu Udalak. Laguntza hori jaso ahal izango dute kultura ekintzak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteek edo pertsonek, egoitza eta jarduteko esparrua Aretxabaletan badituzte.
Programan horren barruan, 29.898 euro bideratuko dituzte. Hiruhilero ordainduko ditu Udalak laguntzak.
Musikarientzako laguntzak
Bestetik, herritarrek sortutako kultur ekoizpena bultzatu eta diruz lagundu gura du Aretxabaletako Udalak. Hori horrela, udalerrian egoitza duten pertsonek osatutako taldeek eta partikularrek jaso ahal izango dute laguntza hori.
Musika taldeen kasuan, taldeko kideen izenak eta nortasun agiriak aurkeztu beharko dituzte. Grabazioari dagokionez, grabazio estudioaren aurrekontua ere eraman beharko dute laguntza jaso gura dutenek. Urte osoan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Ekoizpen kulturalaren kostuaren erdia izango da emandako dirulaguntza; baina, gehienez ere, 800 euro grabazioko. Gainera, talde bakoitzak, gehienez ere, bi urtetik behin edukiko du laguntza jasotzeko aukera.
Programa horretarako, 3.000 euroko aurrekontua dauka Udalak, eta ordainketa bakar batean emango dituzte erabakitako dirulaguntzak.