Udalak herriko zirkulazioa arautzen duen ordenantza jarri du martxan

Mirian Biteri 2008ko otsailaren 8a

Herri barrurako jasotzen dituen neurriek herritar gehienei eragiten die: oinezkoei, gidariei, txirrindulariei eta baita bidea jarduerak egiteko erabiltzen dutenei ere.

Horren gaineko ordenantzarik ez da egon orain arte; Zirkulazioko Legeak zekarrena hartzen zen kontuan.

Arau orokorretan, besteak beste, gehienezko abiadura-muga 50 kilometro ordukoa dela dio. Oinezkoendako guneetan, errei bakarreko kaleetan eta jende pilaketa handiko kaleetan, berriz, ibilgailuek 10 kilometro orduko abiadura ezin dutela gainditu jasotzen du.

Ziklistei dagokionez, bidegorriak egon ezean, bizikletak galtzadatik joan beharko dira eta, horrez gain, homologatutako elementu islatzaileak eraman beharko dituzte. Gurpil-ohol, patin, triziklo eta antzeko aparailuak erabiltzen dituztenak, aldiz, ezingo dira galtzadan ibili.

Bestalde, orokorrean, Gehieneko Pisu Baimendua 10.000 kilotik gora duten ibilgailuak ezingo dira herrian ibili, ez eta 10 metro luze, 2,5 metro zabal eta 3,5 metro garai baino gehiago dituztenak.

 

Gehienez, 76 dezibelio

Horrez gain, ibilgailuek ezingo dute 76 dezibelio baino zarata handiagoa atera. Ihes-hodi librea erabiltzeak salaketa eragingo du, gainera.

Lege-hausteak ere jasotzen ditu. Arinak 90 euroko isunarekin zigortuko dira; larriak 91tik 300 euro bitartekoak; eta oso larriak 301 eta 600 euro artekoak izango direla dio ordenantza berriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak