Herritarren partaidetza
Plan Estrategiko berria lantzeko prozesuan herritarren partaidetza indartu gura izan dute oraingo honetan eta Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuak koordinatu du prozesua. Lau lan lerro eratu zituzten: gazteekin, gurasoekin, herritarrekin eta euren lan esparrua zela eta, interesgarriak ziren pertsonekin. Azken hauekin elkarrizketa bat bakarrik egin zuten, beste lantaldeekin berriz, bi bilera. Aholkularitza batzorde bat ere eratu zuten gero, eta bertan aurreko bileretan ibilitako hainbatez gain, beste herritar batzuek ere hartu zuten parte. Udala gustura geratu da herritarren erantzunarekin eta parte-hartzearekin.
Sozialistak, abstenitu
Atzo egindako ezohiko osoko bilkuran, alderdi sozialistako biek kenduta, beste zinegotzi guztiek eman zioten babesa euskararen plan estrategikoari. Sozialistak abstenitu egin ziren, esan zutenez, plan potoloa izanda, aztertzeko astirik egon ez delako.
Behin onarpena emanda, Inazio Garrok iragarri du jendaurreko aurkezpen bat egiteko asmotan dabiltzala, oraindik noiz ez dakiten arren.