Udal aurrekontua ordainezintasunerako bidea dela dio EAk

Mirari Altube Arrese 2009ko ots. 12a, 12:27
Gaur, hilak 12, aurkeztuko dute 2009ko Udal aurrekontua ezohiko osoko bilkuran. Gutxiengoan gobernatzen du Aralarrek eta ikusi egin behar gainerako alderdien oniritzirik jasoko duen aurrekontuak. Eusko Alkartasunak dagoeneko eman du iritzia eta gogor salatu du Aralarren kudeaketa modua.

EAko ordezkariek diote lidergorik eza eta Udal kudeaketaren ezintasuna erakutsi duela Aralarrek gobernuan daraman urte eta erdian. Ohiko gastua larritzeko beste igo dela diote eta inbertsioetarako aurreikusitako errekurtsoak %47,5 jaitsi direla. Gainera, egoerak okerrera egingo duela iragarri dute, ohiko gastuak gora egingo duelako aurreikusi gabe egindako inbertsioen ondorioz: kultura etxea, kirol etxea…

Eusko Alkartasunaren iritziz 2009rako oinarrizko helburuak dira: sarrera eta ohiko gastuen arteko inflexioa sortzea; Plan Orokorraren berrikusketa bukatzea (mugikortasuna, ekonomi jarduerak, gizarte zerbitzuak…); eta etorkizunerako planak zehaztea bizi kalitatea bermatuz eta inprobisatzeak alboratuta: nekazaritza, baso, aisialdi eta turismoaren plan orokorra; hezkuntza azpiegituren berrantolaketa plana; tranbiaren ibilbidearen berrantolaketa; aparkalekuen bideragarritasun plana; industrialdea enpresa parke bihurtzeko plana; herriko komertzioaren garapenerako ikerketa; eta hirigintza ikerketa Udal lokaletan gizarte laguntzarako egitasmoak garatzeko.
Hori guztia aurrera eroateko herritarren parte hartzerako organo iraunkorrak eskatzen dituzte EAko kideek, Aholkularitza Batzordeak, hain zuzen.

Ordainezintasunerako bidea

Aurrekontuari dagokionean milioi eta erdi euroko partida kentzeko eskatu dute, beste inbertsio batzuetara bideratzeko: Basotxo erretiratuendako lokal berria eta umeendako parkeak gehitzea, esaterako. Egoerak gastu murrizketa eskatu arren ez dela hala egin diote: kirol etxeko aurreikuspena gora doa 10, 14 eta 16 milioi. Eta %10 murriztuta kanpoko igerilekuan pentsa daitekeela.


Kudeaketa horrek ordainezintasunera eroango duela herria diote, eta egoera bideratzeko alkateak jarrera aldatu beharko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak