Udala bost ingurune nagusitan ari da AP-1 autobideari jarraipen berezia egiten

AP-1 autobidea gaur inauguratu dute osorik. Horrek, baina, ez du esan nahi proiektu horren gaineko lanekin amaituko dutenik. Oraindik lan asko dago egiteke. Hori behar bezala egiten dela egiaztatzeko, Udalak Garazi Etxebarria kontratatu zuen urtarrilean. Jakinarazi digu orain bost ingurune nagusitan ari dela jarraipen berezia egiten.

Batetik, Apotzagaetxebarri tuneleko ingurunea dago. Otsailean gertatutako lur-jausia dela-eta, ainguraketa sistema erori egin zen, eta harrietak (pedregal) oina galdu zuen. Horri irtenbidea emateko, aurreikusitako habeak luzatu, ainguraketa sistema sendotu eta harrieta behar bezala lotu dutela azaldu du Etxebarriak: "Udalak tunel faltsuak egitea eskatu bazuen ere, alegazioa ez zen aintzat hartu".

Pareta horren berreskuratzeari dagokionez, Udalak trataera berezia eman diezaiola eskatu dio Bidegiri.

Egileor

Bestetik, Egileor ingurunea dago, Etxebarriaren esanetan. Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio obra zuzendaritzari proiektu bateratua egiteko, eta martxoan eskakizunekin Bidegira bidalitako txostenean ere eskaera hori jasotzen da. Basagoitiko zonak esfortzu handia exijitzen du. Zubiaren lanak direla-eta, handik pasatzen den ubidea hodi baten barruan doa orain. Gainerako lurrak eta harrietak kendu eta hasierako ibilgua berreskuratzea eskatu dute, baita ubide inguruan eta Apotzagaetxebarrirako maldan landareria berria jartzea ere. Horretaz aparte, Egileorreko ubidea eta izen bereko baserri inguruan hainbat pista berreskuratzea exijitu dute.

Izurieta eta basotxo

Izurietako tuneleko ipar ahoak ere arazo ugari eman ditu. Harrieta gaineko maldak beheranzko joera du. Horren harira, gogorarazi behar da goian etxeak daudela. Obra zuzendaritza dagoeneko horrekin dabil lanean. Ainguraketa eta drainatze sistema ezarri dira dagoeneko. Hori, gainera, harrieta ainguraketa sistema baten bidez indartzeko asmoa ere badago.

Basotxori dagokionez, lanen ondorioz pinuak kamioietan ateratzeko bideak %22ko malda izatea aurreikusita dago. Lur jabeek %17koa izatea eskatu dute. Bidegiren erantzunaren zain daude.

Basagoiti 2 deritzon lur biltegirako bidea berreskuratzea ere eskatu dute, lurjabeekin batera egindako bisitan adostutako puntuak jarraituz.

Ingurune horietako lanen jarraipena behar bezala egiten dela egiaztatzeko, astero biltzen da Etxebarria obra zuzendaritzakoekin. Horretaz gain, kaltetuek egindako eskakizunak bideratzeaz ere arduratzen da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.