Aretxabaleta Kirol Elkarteak antolatutako bi autobusak UDAko zalez beteta joan ziren Amurrioko Basarte futbol zelaira. Autoetan ere hurbildu ziren beste hainbat eta giro ezin hobea sortu zuten guztien artean bufanda, kamiseta, turuta eta danborrekin. Basarteko harmailak bete eta etxean legez sentiarazi gura zituzten jokalariak partidua irabazteko, baina ezinean ibili ziren horiek. Bi aldiz ibili zen atzetik UDA eta azkenean pozik itzuli behar berdintzea lortu zuelako (2-2).
Sailkapenean Lagun Onak aurreratzea gura zuten, baina orain domekako partiduei itxoin beharko diote; batetik UDAk derrigorrez irabazi beharra duelako, eta bestetik, Lagun Onakek Zallaren aurka zer egiten duen ikusi beharko delako. Azken postuan dagoen Salvatierra dauka aurkari UDAk Ibarra futbol zelaian, eta zalantza barik zaleak bertan izango dira zapatuan (18:00).