UDAk galdu, Zaitegi arrasatearrak Leioarendako egindako golarekin

Mireia Bikuña 2009ko ira. 6a, 22:49
Leioa taldean jokatzen duen Julen Zaitegi arrasatearra izan zen atzoko partiduko protagonista nagusietako bat. Bizkaitarren aurrelariak egin zuen partiduko gol bakarra 57. minutuan eta Aretxabaletak galdu egin zuen etxeko lehen partidua.

Beste protagonista nagusia beroa izan zen. Partidu hasieran gogor astindu zuen eguzkiak eta liga hasierako partidua izanik jokalariek berehala antzeman zuten nekea, baina aretxabaletarrek ez zuten aitzaki moduan jarri nahi izan. "Bero egin du, bai", esan zigun UDAko jokalari Andoni Amutxastegik, "baina bi taldeek sufritu dugu. Gaurko partidua golak erabaki du eta ez beroak".
Lehen zatian gol aukera gutxi izan zituzten bi taldeek. Aretxabaletarrak gogotsu irten ziren zelaira, baina bizkaitarrek esperientzia handiko talde dutela erakutsi zuten. Baloia zelai erdian mugitu zuten bi taldeek, azken metroetan, atezainanen aurrean huts gehiegi eginez. Bizkaitarrek izan zuten lehen aukera garbia 10. minutuan. UDA atezain ingurura heldu zenean arriskua sortu zuen, baina azken erremateak huts egin zuen.

Gola, bigarrenean

Bigarren zatiko lehen 15 minutuak oso intentsuak izan ziren. 58. minutuan Alainek egindako erdiraketa ezin izan zuen errematatu Iban Vila aurrelariak. Bi minutu beranduago geldiketa ona egin zuen UDAko atezain Erizek Jon Iñakik boleaz egindako jaurtiketa baten aurrean.
Zazpi minutu pasa ondoren gola egin zuen Julen Zaitegi arrasatearrak, eta hantxe eman zuten bukatutzat norgehiagoka bizkaitarrek. Handik aurrera jokoa moteltzen ahalegindu ziren eta ahal zuten guztietan zelaian etzaten ziren min zutela esanez.
Gola kolpe gogorra izan zen etxekoendako. Igor Gordobilek behin eta berriz esaten zien aulkitxotik burua ez galtzeko eta zekitena egiten jarraitzeko. Harmailetan zeuden zaleen animuekin aurrera egin zuten. 64. minutuan Astolak erdiraketa egin zuen areara. Akaitzek egin zuen lehen errematea, eta bigarrenean Gotzonek zutoinera bidali zuen baloia. 73. minutuan Imanolek egin zuen jaurtiketa indartsua area kanpotik, baina baloiak eskuadran jo zuen.
Lehiako azken minutuan berdinketa lortzeko azken aukera izan zuten aretxabaletarrek, baina Vila aurrelaria ez zen errematera heldu. Azkenean puntuak leioarrek eroan zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak