UDA-Orlyk denboraldia borobildu du Gipuzkoako txapelketa irabazita

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko mai. 31a, 23:18

Modu ezin hobean amaitu du UDA-Orly taldeak denboraldia: Gipuzkoako txapelketa irabazita. Modu horretan, Xabi Pagoagak zuzentzen duen taldeak denboraldia borobildu du; izan ere, joan den astean bigarren mailarako igoera lortu zuten aretxabaletarrek.

Finala Oñatiko Zubikoa kiroldegian jokatu zela aprobetxatuz, Aretxabaletako zaleek aukera aprobetxatu zuten euren taldea animatzera joateko. Esan behar da, amaieran UDAko jokalariek adierazi zuten bezala zaleen babesa ezinbesteko izan zela zapatuko finalean.
Baina, harmailan bakarrik ez, kantxan ere Aretxabaletakoak nagusi izan ziren. Hasierako asmoa atzean eutsi eta kontraerasoak aprobetxatzea izan zen; eta, ezin hobeto egin zuten hori. Esan behar da, Andoaingo mutilek ez zutela min larregi egin UDAren atean. Aretxabaletarrek, ordea, hainbat jaurtiketa egin zituzten lehenengo gola sartu aurretik.

Lehenengo gola

Lehenengo golean zorte apur bat izan zuten aretxabaletarrek. Area barruan jaso zuen baloia Lander Gartziak eta hasierako kontrola ona ez izan arren, jaurtiketa egin zuen. Alderatzean baloiak Euskaldunako atezainaren gorputzean jo zuen eta sareetan sartu zen. 15. minutuan izan zen lehenengo gola.
Aldagelatik bueltan indartuta irten ziren aretxabaletarrak. "Hasierako asmo berarekin irten gara; atzean eutsi eta kontraerasoan irten. Finalerdian horrela jokatu genuen eta ondo atera zitzaigunez berdina egitea pentsatu dugu", adierazi zigun Arkaitz Ribera jokalari eta delegatuak partidu amaieran. 

Urduritasuna

Imanol Carmonak egin zuen 0-2koa eta David Terak 0-3koa. Partidua erabakita zegoela zirudienean, urduritasuna nagusitu zen UDAko jokalarien artean, Euskaldunak bi gol egin zituen-eta bost minututan –2-3–.

Pozik denboraldiarekin

Finala amaitzeko bi  minutu falta zirenean sartu zuen lasaitasunaren gola Carmonak.
Partidu amaieran pozik zeuden Aretxabaletako jokalariak. Zaleen babesa eskertu gura izan zuten. "Denboraldi oso ona egin dugu, eta euren babesa ezinbestekoa izan da", esan zuen Riberak. Gainera, taldekideek izan duten konpromisoa azpimarratu gura izan zuten ; "laguntza gutxi" izan dutela diote, eta eurak egin behar izan dutela lan taldea aurrera ateratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak