Txotxongiloak izango dira zapatuan Arkupen

Mirian Biteri 2008ko urriaren 9a

Enkarni Genua titiritero donostiarrak galtzagorrien gaineko ikuskizuna eskainiko du zapatuan Arkupeko Zaraia aretoan, 17:00etan. Emanaldia debalde izango da eta 55 minutu inguru iraungo du.

Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango dira zapatuko ikuskizuneko protagonistak: galtzagorriak. Horiek oso txikiak dira eta nagusiak agintzen dien guztia egiten dute. Arrazoi horregatik, Peru, alfer hutsa bada ere, pozik dago. Baina, halako batean, gauzak ez zaizkio berak uste bezala aterako. 

Mahaiko txotxongiloek, argi beltza eta beste hainbat efektu erabiliz, ikusleen irribarreak eta algarak eragingo dituzte. Herri txikietako giroan garatzen da galtzagorrien historia. Euskal Herriko folklorean oinarritutako elementu asko dituen ikuskizuna da.

Urte asko daramatza Enkarni Genuak antzerkian. 1971n Txotxongillo taldea sortu zuen Manolo Gomezekin, haur eta familiei zuzendutako txotxongiloen antzerkian jarduteko asmoz. Orduz geroztik, etenik gabe lan egin du Genuak. Urte hauetan guztietan 22 ikuskizun estreinatu ditu. Horretaz aparte, hamalau ipuin, hainbat liburu didaktiko eta 21 disko argitaratu ditu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak