Torrada, txapel eta pregoi artean eman zieten ongietorria Aratusteei zapatu iluntzean. Hala, zapatuan txapelak izan ziren protagonistak Aretxabaletan: handiak, txikiak eta kolore guztietakoak. Txapel Txin egunaren bigarren edizioa ospatu zuten.
Txapel Txin egunaren bigarren edizioa umeendako Arkupen antolatutako pailazoen ikuskizunak hasi zuen. Gasteizko Indarra taldeak Sasi guztien gainetik ikuskizunarekin herriko kaleak girotu zituzten zapatu iluntzean. Horrez gain, torrada txapelketa ere antolatu zuten Txapel Txin egunerako. 15 pertsonek hartu zuten parte eta lehenengo saria Iker Altunak lortu zuen.
Sagardoa eta txistorra ere banatu zituzten, lehiaketako torradekin batera. Horren ostean, Txapel Txinek berak irakurri zuen pregoia. Hala, aretxabaletarrek lehenengo aldiz egunari izena ematen dion pertsonaia ezagutzeko aukera izan zuten: kolore berdedun panpina buru handia.