Txapel Txin: Txapela buruan Aratusteak girotzen hasteko

Mirari Altube Arrese 2009ko ots. 13a, 16:41
Aratuste jaiak gertatzen hasteko Txapel Txin eguna ospatuko dute bihar gurean. Kultura Sailak eta koadrilek bigarren aldiz antolatu dute jaia eta eguraldia lagun izanez gero umore ona eta jai giroa izango dira kaleetan.

Umeendako ikuskizunak hasiko du Txapel Txin eguna. Korri ta Xalto pailazoen emanaldia izango dute Arkupe kultura etxean (17:00); Artista bat naiz ni emanaldia eskainiko diete. Sarrera 3 euro da. Bukatutakoan (18:30) Gasteizko Indarra dantza taldeak girotuko ditu kaleak Sasi guztien gainetik ekitaldiarekin. Ibilbide hau egingo dute: Arkupe kultura etxea, Herriko Plaza, Durana kalea, Mitarte kalea eta buelta plazara. Kalejira bukatutakoan, 2009ko Aratusteetako pregoiak mozorroa gertatzera gonbidatuko ditu herritarrak.

Torrada txapelketa

Torrada txapelketa antolatu dute aurten Txapel Txin egunerako. Gura duten guztiek parte har dezakete eta etxean eginda eroango dituzte plazara 16:30etik 18:00etara bitartean. Bakoitzak 12 torrada eroan beharko ditu gutxienez, eta gutun-azal baten egilearen datuak ere bai: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. Torrada guztiak antolatzaileen eskuetan geratuko dira dastatzeko, eta erabakia hartu ondoren herritarrei eskainiko diete txistorra eta sagardoarekin batera; pregoi ostean izango da hori (20:00). Torrada goxoenen egileek saria jasoko dute: 1. saria, 100 euro eta Torratxin txapela; 2. saria, 50 euro; eta, azkenik, 3. saria, 30 euro.

Gainera, Aratusteetako argazkien erakusketa dago Arkupen, eta martitzenean, hilak 17, 400 bat argazkirekin gertatutako ikus-entzunezkoa eskainiko dute Zaraia aretoan (19:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak