Goiz partea umeendako izango da, eta 12:00etatik 14:00etara bitartean, gaztelu puzgarriak izango dituzte Herriko Plazan –eguraldi txarrarekin, Iturrigorri frontoian– gura beste salto eta jolas egiteko. Eta 17:00etan, Pirritx eta Porrotx pailazoek Eskerrik asko! ikuskizuna eskainiko dute kirol etxean.
Pailazoen ekitaldia bukatutakoan, 18:30ean, kirol etxe aurrera joateko deia egin du Karnabalen lagunak taldeak. Baldintza bat jarri dute gainera, txapela eroatea guztiek. Edozein eratako txapela izan daiteke, baita mozorroarena ere, eta gura duenak aurpegia margotzeko aukera izango du. 19:00etan kalejira hasiko dute Bentazaharreko mutilak izeneko taldeak girotuta. Gainera, liburuxkak banatuko ditu aipatutako taldeak herritarrek kantuan egin dezaten. Herriko hainbat gunetan geldialdia egin eta gero, 20:00ak ingururako Herriko Plazara iritsiko dira kalejirako kideak. Pregoia egingo dute orduan, eta sagardoa eskainiko diete gero elkartutakoei. Txapel Txin eguna bukatzeko tanga txin lasterketa antolatu dute, eta 03:00etan egiteko asmoa daukate koadrilek.
Txino dantza erreferentzia
Txino dantza hartu dute erreferentzia Txapel Txin izena jartzerakoan. Izan ere, Aretxabaletako Aratusteek badute ezaugarri berezi eta bakarra: kintoek, kamisoi eta txapelarekin, Aratuste-domekan egiten duten dantza xelebrea.
Lehenengoz antolatu dute Aratusteei ongietorria egiteko ospakizuna. Aratuste-domekan sortu izan den jai giroa izugarria izaten da, baina koadrilek aurrez piztu gura zuten jai giro hori. Gainera, buru belarri dabiltza koadrilak mozorroak gertatzen, batzuk Udalak utzitako lokalean –Copreci lantegi alboan– eta beste batzuk norberaren txokoan.
Bazkarirako txartelak
Bestalde, eguaztenean jarri zituzten salgai Aratuste-domekako bazkarirako txartelak. Izena koadrilaka ematea eskatu dute, baina norberak erosi behar du txartela kultura etxean, 16 euroren truke. Eguaztenerako 300 lagunek zeukaten izena emanda, baina kirol etxean 600 lagunendako dago tokia.