Txaloren 'Ate Joka' antzezlana eguenean ikus daiteke Arkupen

Mirian Biteri 2009ko mai. 25a, 11:59
Antzerkia gustuko dutenek hitzordua dute eguenean, maiatzak 28, Aretxabaletan. Txalo konpainiak 'Ate Joka' antzezlana aurkeztuko du Arkupeko Zaraia aretoan, 19:30ean. Horretarako sarrera librea izango da

Txaloren lana Gene Sacksen La extraña pareja izeneko komedia ezagunean oinarrituta dago. Begoña Bilbaok zuzendutako eta Ritxi Lizartxak itzulitako umorezko ikuskizun horretan bi lagunen arteko elkarbizitza kontatzen da. Joxemari, dibortziatua eta bizitzako bizio guztien zalea, etxean bakarrik bizi da. Andrex, Joxemariren lagun mina, ezkonduta dago, baina dibortziatzekotan. Maniatikoa eta obsesiboa izateaz gain, garbizalea ere bada. Elkarbizitzak egoera komiko eta dibertigarriak eragingo ditu; baina, aldi berean, bizipen tristeak eta mingarriak azalaraziko ditu.

Hiru lagun dira antzezlan horretako protagonistak: Iker Galartza, Joseba Usabiaga eta Sara Cozar. Azken horrek Andrexen emaztea eta guztia nahasten duen bizilagunaren papera egiten du.

Berbaldia eta kontzertua

Antzezlanaz gain, beste bi hitzordu daude egunotan Arkupen. Azken asteotan bezala, erretiratuendako berbaldia egongo da gaur, astelehena, 16:00etan. Erretiratu ostean, denbora librea zertan erabili daitekeen azalduko dute El Tallerrekoek. Bihar, martitzena, musika emanaldia egongo da, 18:30ean. Musika eskolako ikasleek perkusio eta gitarra kontzertua eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak