Txalapea ibilbidea deitu da erreka beste aldeko auzoa

Mirian Biteri 2009ko mai. 11a, 11:45
Joan den eguenean, ez ohiko osoko bilkura egin zuten Aretxabaletako udaletxean. Erreka beste aldean eraikitzen ari diren auzoari Txalapea ibilbidea izena ipintzea erabaki zuen udalbatzak aho batez. Bestalde, ekainaren 7an, Europako hauteskundeetako mahaietan egon beharko diren kideen zozketa egin zen.

Erreka beste aldeko auzoari dagokionez, Inaxio Garro alkateak azaldu zuen azkenaldian erabilitako irizpideak kontuan izan dituztela oraingoan ere; hau da, herriko toponimiaz baliatu direla: "Hori ere herriko altxorra da eta izen horiek ez baditugu babesten, galtzen joango dira. Bere garaian Iralabarri edo Belorrieta izenak berreskuratu ditugun bezala, garrantzitsua izango litzateke ingurune horretan deiturak ere mantentzea".

Garrok aipatu zuen hiru bat izen izan dituztela aukeran; tartean, Basotxo. Izen hori ezaguna da herrian eta horregatik Udal Gobernuak hori arbuiatzea erabaki zuen. Garroren esanetan, "geratzen zirenen artean, Txalapea egokiena iruditu zaigu".

Izena aukeratzeaz gain, EAk proposatuta, urte amaiera baino lehen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin lotutako kalea izendatzea edo herriko toki batean horrekin lotutako elementua jartzea adostu zuen udalbatzak.

EAko zinegotzi Edorta Mendietak gogorarazi zuen orain dela hilabete batzuk Udalak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aldeko mozioa onartu zela eta horretan herriko espazio publiko batean adierazpena goraipatzeko ekimena abian jarriko zela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak