Txakurren gaineko ordenantza betearazten hasiko dira udaltzainak

Mirari Altube Arrese 2008ko mar. 11a, 11:12
Txakurren gainean Udal ordenantzak dioena betearazten hasiko dira udaltzainak datozen asteotan. Laster, isunak jarriko dizkiete txakurren kakak lorategi edo espaloi bazterretan uzten dituztenei eta txakurra lotu barik daramatenei.

Aurreko agintaldian onartu zuen Udalak animalien gaineko ordenantza, baina oraindik ez dute jarraipen zorrotzik egiten. Ordenantzak zehazten du zein betebehar dituzten animalien jabeek. Hala, txakurrek identifikatuta egon behar dute, hau da, lepoan mikrotxipa jarrita. Baita udaletxean erroldatuta ere. Horrez gain, kalean eta lorategietan egiten dutenean kaka jasotzeko betebeharra daukate jabeek. Udalak plastikozko poltsatxoak ditu herritarren eskura, eta erabili gura dituztenek harreran eskatu besterik ez dute.

Gainera, arriskutsutzat jotako arrazaren batekoa bada txakurra, Udalaren administrazio baimena behar du jabeak eta arriskutsutzat sailkatua izan dela dioen txartela. Hona arriskutsutzat jotako arrazak: pit bull terrier, staffordshire bull terrier, rottweiler, argentinako dogoa, fila brasileiro, tosa inu, akita inu eta staffordshire terrier amerikarra.

Isunak 21.565 euro artekoak
Orain ere jartzen dituzte isunak udaltzainek, txakurren bat galduta aurkitu badute, esaterako. Hemendik aurrera zorrotzagoak izango dira. Arau-hauste arina eginez gero, –kakak ez jasotzea– 43 eta 431 euro arteko isuna jarriko dute; larria bada, 431 eta 2.156 euro artekoa; eta arau-haustea oso larria bada, 2.156 eta 21.565 euro artekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak