'Txakurra zurea da, herria guztiona' kanpaina abian da

Mirari Altube Arrese 2010ko eka. 17a, 13:05
Astean jarri du abian Udalak 'Txakurra zurea da, herria guztiona' kanpaina. Horren berri ematen duen oharra jarri du herriko atarte guztietan eta helburua da orain dela sei urte animalien gainean onartutako Udal ordenantza betearaztea txakurrak dituzten herritarrei.

Herriko txakur kopuruak gora egin du azken urteotan eta horiekin batera lorategi, parke eta kale bazterretan agertzen diren kakek. Herritar asko gogaituta daude han eta hemen topatzen dituzten txakur gorotzekin eta ordenantza betearazteko eskatzen dabiltza. Horretan hasi dira udaltzainak; eta lehenengo arau-haustearen aurrean txakurraren arduraduna ohartarazi egingo dute. Bigarren aldiz hautsiz gero araua salaketa eta zigorra jasoko ditu herritar horrek. Hori kanpainak iraun bitartean, hau da, uztailaren 4a arte; gero animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Udal ordenantzak dioena betearaziko dute.

Txakur arriskutsuak

Animalien ordenantzak txakurren jabeek dituzten betebehar eta eskubideak jasotzen ditu. Eta Martin Garai udaltzain buruak betebehar horiek gogoratu dizkigu: "Txakurra hartu orduko erroldatu, eta arriskutsua bada baimena atera; egiten dituen gorotzak jaso eta beti lotuta eroan leku publikoetan". 


Hain zuzen txakur arriskutsuak dituztenek jakin behar dute Eusko Jaurlaritzako zerrendan egon behar dutela izena emanda eta Udal baimena izan behar duela jabeak: "Ez bakarrik jabeak, paseatzera ateratzen duen edonork, eta aldean eroan behar du halakoetan", jakinarazi du Garaik. Gainera, leku publikoetan lotuta ez ezik, ahoa estalita izan behar du. Txakur arriskutsuen zerrenda ez da luzea, bederatzi arraza daude, tartean Rottweiler, Pit Bull Terrier eta Dogo argentinarra.

Galduta ibiltzea kalean

Arau-hausterik ohikoena gorotzak ez jasotzea da. Orain dela ia bi urte gorotz horiendako poltsak jarri zituzten herritarren eskura hainbat lorategitan baina gutxik erabili zituzten: "Kakak jasotzeko ez beste edozertarako erabili izan dira", dio Garaik.

Herriko gunerik zikinenen artean daude bidegorria, industrialde ingurua, kirol etxe aurreko berdegunea eta Bedarreta auzoa. Hain zuzen auzo horretako bizilagunek etxe aurreko lorategietako gorotzak zenbatu zituzten iazko urtarrilean, protesta egiteko. Gorotzak ez jasotzea arau-hauste arina da eta isuna 43 euro eta 431 euro artean dago.

Bestalde, galduta noraezean dabiltzan txakurrak ere sarritan jaso behar izaten dituzte udaltzainek: "Ihes egiten dutela diote jabeek, baina norberaren ardura da behar bezala zaintzea eta horretarako leku egokia izatea". Behar bezala ez zaintzea arau-hauste larritzat dauka ordenantzak eta isuna 432 euro eta 2.156 euro artean dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak