Talde sendoa duela erakutsiz, Reala Aretxabaleta baino gehiago izan da

Mireia Bikuña 2010ko urt. 31a, 21:22
Donostiarrek hainbat gol aukera egin dituzte, eta horietako bi aprobetxatu: 22. minutuan egin du lehen gola Albistegik, eta 84. minutuan Illarramendik. UDA aldiz bukaera arte ahalegindu da, baina ez du berdinketarako aukera garbirik egin.

Bosgarren jardunaldian Realak emandako errepasoa ahazteko asmoz irten dira zelaira Aretxabaletako jokalariak. Orduan, Reala Hirugarren Mailako liderra zen eta sei gol egin zizkion UDAri; eta aretxabaletarrak errebantxa gura zuten. Baina, asmoak asmoetan geratu dira. Imanol Idiakezek talde sendoa du, eta ez dio aukera gehiegi eman etxeko taldeari.
Partiduko hasierako 15 minutuetan indarrak parean egon dira, bi taldeak zelaian kokatu diren arte. Orduan, Realak hartu du partiduaren kontrola. Lehen ukituan jokatu du Realak, eta minutu askotan UDAko jokalariak baloiaren atzetik ibili dira. Aukerak ere Donostiako taldeak egin ditu, lehen biak Orbegozo aurrelariak.

Gola, 22. minutuan

Reala indartsu zegoen zelai erdian, baloi asko berreskuratuz eta erasoan ondo irteten. Norgehiagoka 22. minutuan apurtu da; alegia, Realak lehen gola egin duenean. Albistegik, areaz kanpo, jaurtiketa bortitza egin du, eta zutoinaren ondotik ate barrura sartu da.
Aretxabaletak berdinketa lortzeko ahaleginak egin ditu, baina donostiarrak izan dira, atsedenaren aurretik, bigarren gola egiteko aukerak izan dutenak: Eizmendik bi izan ditu eta Enekok beste bat.

Berdinketa egiteko aukerak

Bigarren zatian beste itxura bat erakutsi du UDAk. Berdinketa lortzea zuen helburu, eta Realaren atera iristeko bide errazenak topatzen ahalegindu da. 56. minutuan Akaitzen errematea kornerrera bidali du defentsak. Lau minutu beranduago Akaitzek berak egindako falta jaurtiketa defentsak urrundu du. 74. minutuan korner erdiraketa baten ondorioz, baloia hilda geratu da Realaren arean, baina Gorkak ez du asmatu atezainaren aurrean.
Punturen bat lortzeko Aretxabaletak zituen aukera apurrak bertan behera geratu dira donostiarren bigarren golarekin. Illarramendik gol bikaina egin du 84. minutuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak