Sasoi bateko futbol izarrak elkartuta Luceroren aldeko txapelketa jokatzeko

Mirari Altube Arrese 2009ko mai. 28a, 14:14
Realeko, Eibarreko eta UDAko beteranoek futbol txapelketa jokatuko dute zapatuan, maiatzak 30, Ibarra futbol zelaian (16:00) Luis Luceroren alde dirua batzeko.

Luis Lucero eskoriatzarraren aldeko futbol txapelketa antolatu du Aretxabaleta Kirol Elkarteak. Sasoi baten izarrak izan ziren jokalariak elkartuko dira, dirua batu eta ikuskizun polita eskaintzeko. Sarrerak salgai daude Orly, Dorleta, Gurea eta Zaraia tabernetan (5 euro).

Jokalari entzutetsuak

Hiru talderen artean jokatuko dute txapelketa. Hona: 16:00etan, UDA-Eibar; 17:00etan, Eibar-Real Sociedad; eta 18:00etan, Real Sociedad-UDA. Sasoi baten futbol jokalari entzutetsuak izandakoak elkartuko dira, tartean, Realeko Bixio Gorriz, Lutxo Iturrino eta Jon Bakero, eta Eibarreko Bixente, Peio Olano eta Oskar Artetxe. 


UDAko jokalariak, ostera, hauek izango dira –baliteke baten batek ezin izatea eta besteren bat sartzea azken orduan–: Txomin, Xabi Lasagabaster, Mikel Larrañaga, Luis Mari Madinabeitia, Inaxio Garro, Jon Arriola, Cesar, Mikel Luengo, Alberto Garro, Xabi Zangitu, Igor Arenaza, Asier Ingidua, Joseba Arana, Kepa Azkue, Iker Agirre, Igor Gordobil, Asier Aranguren, Jokin Bengoa eta Jon Ander Larrinaga. Entrenatzaile lanetan ibili dira: Goio Arrieta eta Patxi Agirrezabalaga. Ilusio handiarekin gertatu dute guztiek txapelketa, jakinik Lucerori laguntzeko dela.

Aita Mennin dago Lucero

Luis Lucerok hainbat hilabete daramatza Aita Menni ospitalean eta egonaldiaren gastuari aurre egiten laguntzeko antolatu du UDAk partidua. Ezbeharra izan zuenean ohorezko infantilen taldeko delegatua zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak