Villabonan jaiotako abadea 1901 eta 1911. urte artean izan zen Aretxabaletako parroko; hemendik Arrasatera joan zen eta euskararen aldeko jarduerak bultzatu zituen. 1936ko urriaren 24ko gauean fusilatu zuten, Oiartzunen. Gertakari haien aurrean, Eskoriatzako Eduardo Gorosarri abade eta organo-joleak In memoriam doinua konposatu zuen: "Antza denez, Arinek berak abesten zuen abesti hori; parrokoak euskarazko berbak jarri zizkion melodia herrikoi baten oinarritutako doinuari", azaldu digu Angel Barandiaran abesbatzako zuzendariak. Eta abesbatzak meza bukatu aurretik abestuko du.
Euskal liturgian oinarritutako abestiak izango dira nagusi domekako mezan. Bi izango dira bakarrik latinez: Casimiriren Aintza, bost ahotsetara abestua eta Perosiren Santus lau ahotsetara. Horiekin batera Santa Zeziliari eskainitakoa abestuko dute: "Artxibo lanik egiteko astirik ez dut izan, baina uste dut Aretxabaletako organo-jole batek egindako abestia dela guk kantatuko dugun hori", dio Barandiaranek. Meza ostean elkarrekin bazkalduko dute abesbatzako kideek, zaindariaren omenez.