100 urtean behin gertatzen dena gertatuko da aurten, Aratuste-domeka Santa Ageda eguna baino lehen izatea. Hala, Santa Ageda mutilak Aratuste-domeka pasatu eta gero joan beharko lirateke kantuan eta eskean. Herritar batzuk diote urteko domeka guztietan egin beharko luketela dantzan hurrengo urteko Aratuste-domeka iritsi arte.
Kontuak kontu, 1989an jaiotako kintoek erabaki dute otsailaren 2an, Aratuste-domeka bezperan, joatea santa eskean baserrietara. 06:30ak inguruan atera eta Kurtzebarri azpian dauden auzoetan batuko dute goiz partean. Bazkalostean Apotzagaetxebarri, Galartza eta Izurietara iritsiko dira. Gainera, ez dira mutilak bakarrik ibiliko, neskek ere hartuko dute parte aurten, bai eskean, bai dantzan egiteko orduan.
Domekan, ostera, dantzan egitea dagokie. Eguerdian Txino dantza egingo dute Durana kalean, eta arratsaldean, agurra, banakoa eta gainerakoak, Herriko Plazan. Eta Aratuste-martitzena Santa Ageda eguna ere bada, hortaz, berriro egingo dute dantzan Herriko Plazan.