Saiheski apur bat jan eta ardo edo cava trago batzuk egiteko eguraldi txarrik ez dago, baina asteburuko giroa bereziki aproposa izan da horretarako; atzo bertan, zapatua, fresko egin zuen eta barruak berotzen laguntzeko aukera ezin hobea izan zen. Barru eta kanpo ondo berotu zena saiheskia parrillan erretzen jardundako koadrila izan zen; jertse beharrik ez zen izan, ke artean!
Helburu bikoitza
Aretxabaleta Kirol Elkartearen denboraldi hasierako jaialdia izan zen atzokoa. Klubaren eta herritarren arteko harremanak sendotzeko eta diru apur bat ateratzeko egiten dute; aurtengoa laugarrena izan da. 2010-2011 denboraldia normal antzean hasi dute kirol ikuspuntutik, eta itxura txarrik ez dauka ekonomia aldetik, nahiz eta horretarako lan handia egin behar izan duten; hala esan digu UDAko zuzendaritza taldeko Juan Mari Enekotegik. Pozik zegoen atzo, jaia martxa onean zihoala ikusirik: 100 kilo saiheski erre zituzten eta bi euro t’erdiren truke saldu zituzten pintxoak, ardo edo cava tragoa barne. “Gaurkoarekin, gastuak ordaindu eta dirua irabaziko dugu”, esan zigun; eta Enekotegi izanik klubeko diru kontuak eramaten dituena... zein hobeto bera baino hori esateko!