Epaimahaiak kartelaren egituraketa, mezua eta erabilitako koloreak izan ditu kontuan irabazlea aukeratzerakoan. Guztira, aurten, lau kartel aurkeztu dira Aratusteetako kartel lehiaketara.
Bazkarirako sarrerak salgai
Bestalde, Kultura Sailetik jakinarazi dutenez, dagoeneko salgai daude Aratusteetako bazkarira joan ahal izateko sarrerak. Erosi gura dituenak Arkupe kultura etxera joan beharko du, Kultura Sailak han dituen bulegoetara.
Sarrera bakoitzak 18 euro balio du, eta, aurreko urtean bezala, koadrilaka eman beharko da izena. Kulturako teknikari Inma Migelen arabera, modu horretan samurrago koka daiteke jendea mahaietan. Bazkaria Iturrigorri frontoian izango da; 500 pertsonarendako tokia dago.
Txapel txin eguna
Bestalde, Aratusteak datozela gogoratzeko, Txapel Txin eguna egingo dute, bigarrenez. Otsailaren 14an egingo den jaialdirako, antolatzaileek aretxabaletarrei gonbita egin diete etxean duten edozein txapel jantzita kalera irteteko.
Ekimenak 17:00etan hasiko dira, Arkupen, haurrendako ikuskizunarekin; eta ordubete geroago, torrada lehiaketari emango diote hasiera. Partaide bakoitzak hamabi torrada ekarri beharko ditu etxetik. 18:30ean, Indarra dantza taldeak lagunduta, antzezlana ikusiko da herriko kaleetan. Arkupetik irten eta herriko plazatik, Duranatik eta Mitartetik pasa ostean, plazara bueltatuko dira.
Aratusteetako pregoia 19:45ean irakurri ondoren, torrada lehiaketako sariak banatuko dira. Torrada gozoenak egiten dituenak 100 euro eta Txorratxin txapela lortuko ditu; bigarrenak, 50 euro; eta hirugarrenak, 20 euro. Jarraian, egindako torradak dastatu ahal izango dira, txistorra eta sagardoarekin batera.